Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Maiatzak 2

Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko Foru Legearen aldaketa onetsi da

Suhiltzailearen lanbide-kategorian berariaz sartzen dira gidari laguntzailea eta peoi laguntzailea, erretiro aurreratua aplikatzean nahasteak saihesteko

Parlamentuaren osoko bilkurak Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen aldaketa onetsi du gaur PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen, Contigo-Zurekinen eta Voxen aldeko botoekin eta UPN eta PPNren abstentzioekin.

 

PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeek sustatutako Foru Legearen xedea da suhiltzaile-gidari laguntzaileei eta suhiltzaile-peoi laguntzaileei koefiziente murriztailea aplikatzeari buruz sorturiko interpretazio-arazoak ebaztea (erretiro aurreratua aplikatzean). Hori dela eta, 8/2005 Foru Legearen 53. artikuluaren e eta f letrak aldatzen dira, suhiltzaile lanbide-kategoriakoak direla berariaz jasoarazteko.

 

Martxoaren 14ko 383/2008 Errege Dekretuak, administrazio eta erakunde publikoen zerbitzura dauden suhiltzaileen alde erretiro-adinaren koefiziente murriztailea ezartzen duenak, erretiroa hartzeko adina aurreratzeko gaitzen ditu suhiltzaile moduan lan egiten duten pertsonak, “eskala, lan-kategoria eta espezialitate desberdinetan”. Martxoaren 9ko 8/2023 Foru Legearen bidez aldatu zen Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legea, eta Suteen Prebentzio eta Itzaltze Zerbitzuko lanpostuen artean sartu ziren baso-suhiltzaile lanetan jarduten duten langileak.

 

8/2005 Foru Legearen 53. artikulua erreformatuz egin zen, baina orain, idazketa berriarekin, nahasteak saihestu nahi dira.

 

Eztabaidan UPNk aurkeztu duen gehitzeko zuzenketa bat baztertu egin da. Proposatzen zen lan-baldintzei eta eskumenei buruzko konparazio-azterlan bat egitea “foru lege honek aipatzen dituen Foru Komunitateko prebentzio, su-itzaltze eta salbamendu zerbitzuetako lan-baldintzak eta eskumenak konparatuko dituena mugakide diren autonomia-erkidegoetakoekin eta Madrilgo erkidegoko eta Kataluniako autonomia erkidegoko hiri nagusietakoekin”. Asmoa zen emaitzak oinarritzat hartzea foru legearen erregelamendu-garapena egiteko, “saiheste aldera Nafarroako suhiltzaileak baldintza okerragoetan egotea autonomia erkidego horietakoak baino".

 

Irakurketa bakarrean izapidetuta, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legea aldatzen duen Foru Legeak NAOn argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra. 

 

 

Archivos adjuntos

Archivo adjuntoEnmienda UPN no aceptada