Noiz argitaratua Asteazkena, 2022.eko Urriak 26

Nafarroako eta Espainiako Gobernuak premiatzen dira bularreko minbizi metastasikoaren arreta hobetu dezaten

Botika berrien onespena arintzea, diagnostiko goiztiarra hobetzea eta entsegu klinikoak eta ikerketa sustatzea eskatu du Ganberak

Osasun Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez (Podemos-Ahal Duguk ez du bilkuran parte hartu), zeinaren bidez Espainiako Gobernua eta Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentua premiatzen baitira “Bularreko minbiziaren aurkako botika edo tratamendu berrien onespena arindu dezaten, epeak laburtuz eta Europar Batasuneko gainerako herrialdeetakoekin parekatuz”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Exekutiboei eskatzen die “Osasun Sistema Nazionalak eta Nafarroako Osasun Zerbitzuak botika berritzaileak finantzatu ditzaten, kostua-efikazia erlazioa baloratuz, eta erabilera errukiorra kontuan hartuta, gaixoari beste bide batzuetatik lortu ezin diren abantailak dakarzkiotenean”.

 

Era berean, eskatzen da “diagnostiko goiztiarra hobetu dezaten, biomarkagailuen, genetikaren eta bularreko minbizi metastasikoaren biopsia likidoaren bidez”.

 

Bestalde, Nafarroako eta Espainiako Gobernuak premiatzen dira “bularreko minbizi metastasikoarekin lotutako entsegu klinikoak eta ikerketa sustatu ditzaten. Gaixoei entsegu horietan parte hartzeko aukera eman diezaieten, edozein lekutan bizi direla ere, horrek ikerketari ekarpen garrantzitsua egiten ahal dionean”.

 

Gainera, deia luzatzen da “nazio mailan zein Nafarroako Foru Komunitatean bularreko minbizi metastasikoari buruzko erregistroak egin ditzaten”.

 

Bestetik, eskatzen da “zerbitzuen arteko diziplinarteko koordinazioa sustatu dezaten, Nafarroako Osasun Zerbitzuan bularreko minbizi metastasikoa lantzeko eta tratatzeko jardueran”.

 

Horrez gain, exijitzen da “kasuen kudeaketarako erizaintza ezar dezaten Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Onkologia Medikoaren Zerbitzuan, bularreko minbizi metastasikoa duten gaixoen arreta koordinatzeko”.

 

Halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen da “bularreko minbizi metastasikoa duten gaixoentzako txertatze protokolo espezifiko bat landu dezaten Nafarroako Osasun Zerbitzuan”.

 

Azkenik, eskatzen da “bularreko minbizi metastasikoa duten gaixoen osasun laguntza gizatiarragoa egin dezaten, gaixo horiei behar bezala laguntzeko eta harrera egokia egiteko”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma, Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek, Podemos-Ahal Dugu Nafarroa foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario Mistoak sustatutako ebazpenak bularreko minbizi metastasikoaren arreta hobetzearen alde egiten du, eta azaltzen du bularreko minbizia duten pazienteen % 5-6k metastasia dutela diagnostikoaren unean, eta goiz diagnostikatutako emakumeen % 30ek tumorearen errepikapena izango dutela metastasiarekin.

 

Halaber, adierazten da gaur egun bularreko minbizi metastasikoaren ikerketa eta abordatzea “gaixotasunaren progresioa ahalik eta denbora luzeen geldiaraztean zentratzen” direla, betiere tratamenduen toxikotasuna saihestuz eta pazienteen bizi-kalitatea hobetzea lortuz. Horregatik, besteak beste, ikerketa ahalbidetzea eta diagnostiko goiztiarra hobetzea eskatzen da.

 

Nuria Medina (PSN) buru izan duen bilkuran parte hartu duten parlamentariak izan dira Cristina Ibarrola, Ángel Ansa, Raquel Garbayo, Elena Llorente, Maria Jesús Valdemoros, Marta Álvarez (Navarra Suma), Patricia Fanlo, Ainhoa Unzu (PSN), Ana Ansa, Uxue Barkos (Geroa Bai), Txomin González, Bakartxo Ruiz (EH Bildu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).

 

www.parlamentodenavarra.es

• Mozioa (114. NPAO, 2022-10-14koa)