Nafarroako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko lehendakariari harrera egin dio Parlamentuko lehendakariak
COFNAk prestutasuna agertu du osasun-katean gehiago integratzeko, 2019-23 Lehen Mailako Arreta Planean planteatzen den lankidetza publiko-pribatuko estrategia baliatuta
Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak Nafarroako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko lehendakari Marta Gallipienzori harrera egin dio gaur bere bulego ofizialean. Gallipienzorekin batera Arantxa Muñoz elkargoko kidea ere bertan izan da.
Bileran, Gallipienzok presidenteari jakinarazi dio COFNAk zer ekarpen egin dituen koronabirusaren hilabeterik gogorrenetan, "arreta, gizarte eta osasun publikoaren arloan", eta etorkizunerako proposamena helarazi dio "pandemiak larriki kaltetu duen lehen mailako arreta hobetzeko".
Farmazialariek pandemian zehar egindako ekarpenari dagokionez, COFNAko presidenteak nabarmendu du "ospitaleko farmaziaren eta farmazia komunitarioaren arteko elkarlanaren emaitza, bai eta farmazietako salmenta libreko antigenoen testetatik eratorritako informazioaren trazabilitaterako eta jarraipen zuzenerako hitzarmena sinatzea ere".
Lehen mailako arretaren egoerari dagokionez, Galipienzok adierazi du prest dagoela "lankidetzan aritzeko, osasun-katean gehiago integratzeko, Nafarroa Suspertu 2020-30 planean eta 2019-23 Lehen Mailako Arretarako Planean planteatutako lankidetza publiko-pribatuko estrategiatik abiatuta, non COFNAren eta Lehen Mailako Arretaren arteko lankidetza-hitzarmena sinatzea bultzatzen den".
Unai Hualdek, bere aldetik, Nafarroako Farmazialarien Elkargoaren proposamenak Legebiltzarreko talde parlamentario guztiei helarazteko konpromisoa hartu du, ikasturtean zehar Osasun Batzordean lan-saio bat egiteko.
Bestalde, Farmacia: siempre de confianza, al servicio de tu salud lelopean datorren larunbatean, hilak 25, ospatuko den Farmazialariaren Munduko Egunaren harira, Nafarroako Parlamentuak berdez argiztatuko du ganberaren egoitzaren fatxada ostiral gauean, 20:30etik 24:00etara.
Nafarroako Farmazialarien Elkargo Ofiziala zuzenbide publikoko korporazio bat da, Nafarroako farmazialariak biltzen eta ordezkatzen dituena (1.510 elkargokide, % 78 emakumeak, batez besteko adina 46 urte), eta gaitasun zientifiko-teknikoak hobetzeko etengabeko prestakuntza ematen die. Bere eskumena da farmazia-lanbidearen jardunarekin lotutako interes orokorrak babesten direla behatzea, lanbide horren prestazio esklusiboa barne.