Noiz argitaratua Asteartea, 2021.eko Ekainak 15

Nafarroako Fundazioei buruzko Foru Lege proiektuaren gaineko irizpena onetsi da

Fundazioen araudia 21/2019 Foru Legearen bidez onetsitako Foru Berriaren eguneratzetik eratorritako betekizunei egokitzeko beharrari erantzuten dio

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Batzordeak Nafarroako Fundazioei buruzko Foru Lege proiektuaren gaineko irizpena onetsi du gaur. Testu horrek erantzuten dio aipatu entitateen araudia apirilaren 4ko 21/2019 Foru Legearen bidez onetsitako Foru Berriaren eguneratzetik eratorritako betekizunei egokitzeko beharrari.

 

Foru lege proiektuak osotasunez heldu dio fundazioen erregulazioari, egitura honekin: 68 artikulu ditu, hiru titulutan banatuta, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta bi azken xedapen.

 

I. tituluan azaltzen denez, berritasun nagusia, Foru Berriaren erreforman ezarritakoa, fundazioek nortasun juridikoa eskuratzeko modua da, hemendik aurrera beharrezkoa izanen baita eraketa-egintza Fundazioen Erregistroan inskribatzea.

 

Fundazioak interes orokorreko helburuetarako eratu behar dira nahitaez, eta helburu horien zerrenda zabal eta zehatzagoa ezartzen du, horien artean sartuz, besteak beste, emakumeen eta gizonen berdintasuna, irisgarritasun unibertsalaren sustapena eta pertsonen integrazio osoa eta berdintasuna eragozten dituzten oztopoen desagerpena.

 

Geroa Bairen ekimenez, berak aurkezturiko zuzenketa aho batez onetsi baita, beste apartatu bat gehitu da –kulturaren sustapena eta zabalkundea; kultur ondarearen defentsa, bai eta hizkuntz-aberastasuna eta -dibertsitatea sustatzea ere–, horrekin erantzuna eman nahian egungo nafar gizartearen behar, kezka eta gabezietako batzuei.

 

Halaber, fundazioek sustatu beharko dituzte garapen teknologikoaren eta informazioaren gizartea, enplegu betea eta lanaren arloko aukera berdintasuna.

 

Irizpenean jasotako beste berritasun bat da fundazioen jardueren onuradunen eta hartzaileen arteko bereizketa.

 

Fundazioen izenari dagokionez, eta lehenago ere, euskararen erabileraren gaineko arauak aplikatuz onartzen bazen ere, hemendik aurrera berariaz ezartzen da “Fundazioa” nahiz “Fundación” hitza erabiltzeko aukera.

 

Jasotzen denez, patronatua da fundazioaren organo nagusia eta kide anitzeko organo gisa antolatzen da, bere gain hartuz Fundazioaren gobernua, administrazioa eta ordezkaritza. Geroa Baik proposatuta eta PSN eta Podemos-Ahal Duguren babesarekin, segurtasun juridikoko tresna bat sartu da, “Patronatuak jardunik egiten ez duen kasuetan Patronatuko kideek uko-egitea gauzatu ahal izateko”. Zuzenketaren aurkako botoa eman dute EH Bilduk eta I-Ek, eta Navarra Suma abstenitu egin da.

 

Geroa Baik proposatuta, baita ere, publikotasunaren baldintza betetzeko xedez, erabaki da "Patronatuko kideak izendatzeko eta kargugabetzeko erabakiak Nafarroako Fundazioen Erregistroan inskribatuko direla". Navarra Sumak zuzenketaren alde bozkatu du, Podemos-Ahal Dugu abstenitu egin da eta PSNk, EH Bilduk eta I-Ek aurkako botoa eman dute.

 

Bestalde, ezartzen da zein diren fundazioek jarduteko betebeharrak eta haien araubide ekonomikoa, eta arautzen dira onuradunen hautaketa eta araubide dokumental eta ekonomikoa.

 

Esparru horretan, fundazioen deskapitalizazioa saihestu nahi da, aurreko urteetan galerak izan arren emaitzaren % 70 helburuetan aplikatzeko betebeharragatik, eta horretarako “Patronatuak zuzkiduraren balioa berrezartzera bideratu ahal izanen ditu galerak izan ondoren lortutako emaitza positiboak”. Hala, Geroak Baik dioen moduan Navarra Sumak eta Podemos-Ahal Duguk babestutako zuzenketan, “sozietatearen osotasuna eta epe luzerako helburuak betetzea bermatzen da”. PSN eta EH Bildu abstenitu egin dira eta I-Ek aurka bozkatu du.

 

Halaber, fundazioen hasierako zuzkidura egokia eta nahikoa dela irizteko gutxieneko “10.000 eurotik gorako balio ekonomikoa” izan behar duela zehazten da, Estatuan gertatzen den moduan.  Muga hori gaindituz gero, ez da azterketa ekonomikorik aurkeztu beharko –bai, ordea, programazioa– eta ustez egokitzat hartuko da”. Navarra Sumaren in voce zuzenketak Geroa Bairen eta I-Eren babesa izan du, eta PSN, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu abstenitu egin dira.

 

Azkenik, Erregistroa arautzen da, zeinaren berritasun nagusia baita Erregistroko inskripzioa ezinbesteko dela fundazioa eratu ahal izateko. Proiektuak, batetik, Nafarroako Gobernuaren egoitza elektronikoan txertatuko den informazio sistema bat sortzea sustatzen du. Eta, bestetik, koordinazio, lankidetza eta elkarlan harremanak ezartzea fundazioen beste erregistro batzuekin eta notariotzekin eta notarioen elkargoekin.

 

Era berean, aurreikusten da babesletza ofizioz esleituko zaiela egun Erregistroan inskribatuta dauden eta Foru Berriaren aurreko arauei jarraikiz, babesletzaren menpe ez jartzea erabaki zuten fundazioei hain zuzen.

 

Batzordean egindako eztabaida saioan 17 zuzenketa eztabaidatu dira eta horietatik 7 onetsi dira: 6 Geroa Baik aurkeztuak (horietatik 2 PSNrekin batera), eta 1 Navarra Sumak aurkeztua.

 

Irizpenari eginiko ekarpenetatik, bi izaera teknikokoak dira: bata egiten diren arau-igorpenak argitzera bideratua, “lege-interpretazioari buruzko eztabaidarik sor ez dadin”, eta bestea, azken xedapenetatik bigarrenaren izenburu aldatzekoa, hirugarrena izanen baita. Bi zuzenketa horiek, PSNk eta Geroa Baik sinatuak, baiespenez onetsi dira.

 

Irizpena onetsi ondoren, Nafarroako Fundazioei buruzko Foru Lege proiektua Osoko Bilkurara igorriko da, aurreikuspenen arabera ekainaren 24an, behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko.

 

Bilkura Jorge Aguirrek zuzendu du (PSN talde parlamentarioa), eta bertan izan dira Juan Luis Sánchez de Muniáin, Carlos Pérez Nievas, Ángel Ansa, Isabel Olave, José Suárez, Iñaki Iriarte, (Navarra Suma talde parlamentarioa), Inma Jurío, Arantxa Biurrun (PSN talde parlamentarioa), Blanca Regúlez, Jabi Arakama (Geroa Bai talde parlamentarioa), Arantxa Izurdiaga, Txomin González (EH Bildu talde parlamentarioa), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkartea) eta Marisa de Simón (I-E talde parlamentario mistoa).