Nafarroako Gobernua 2030 Agendaren ezarpenean buru izan dadin premiatzen duen ebazpena onetsi da
Bere politikek Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat egin dezaten eskatzen zaio, desberdintasunen eta pobreziaren kontra borrokatzeko eta klima-aldaketari aurre egiteko
Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “2030 Agendaren garapen jasangarriko helburuak eta jomugak betetzen jarrai dezan zeharkako izaeraz, eta agenda hori erakundeen mailarik gorenean koka dezan, halako moduan non Nafarroako Gobernuko lehendakaria izanen baita 2017an eratutako departamentuen arteko batzordearen burua eta Lehendakaritzako Departamentua batzorde exekutiboan sar dadin, inplementazioa betetzen dela koordinatzeko eginkizunekin, zeharkako izaera hori bermatzeko”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Gobernuari eskatzen dio “GJHen lorpenean buru izan dadin, gizartearen egiazko transformazioa ekarriko duten eta egungo nahiz etorkizuneko erronkei bermeekin aurre egitea ahalbidetuko duten politika publiko aitzindariak eginez. Aitzindaritza hori oinarri, gizarte zibileko erakundeekin batera lan eginen du Nafarroako erakunde guztiek nola enpresa-, gizarte- eta toki-sareak ezagutu eta jorra ditzaten 2030 Agendaren 169 jomugak eta Nafarroa 2030 Agenda betetzearen buru jarriko duten politikak egin ditzaten”.
Era berean, hirugarren atalean Nafarroako Gobernua premiatzen da “albait lasterren gara dezan, bere ekintza planean bertan jasotzen den bezala, 2030 Agendaren komunikazio eta hedapen plan bat, erabakitasunez bultzatuko duena “Jasangarritasunaren Kultura” nafarren artean. Plan horren barruan egon beharko du eraikitako Visor Web-en hedapena, herritar guztiek kontsultatu ahal izan ditzaten datuak, garapen jasangarriko helburuak betetzeari dagokionez”.
Geroa Bairen gehitzeko zuzenketa baten bidez, “2030 Agendaren komunikazio- nahiz ezagutarazpen-planak Nafarroako bi hizkuntza ofizialetan argitaratuko dira. Garapen Jasangarriko Helburuen erdiespenean izandako aurrerapausoei buruz egiten diren ondoz ondoko bilakaera-txostenak, zeinak bidaliko baitzaizkie bai erakunde sozial, enpresarial, sindikal eta abarri bai toki-, autonomia-, nazio- nahiz nazioarte-mailetan diharduten erakunde politikoei, Nafarroako bi hizkuntza ofizialetan jaulkiko dira”.
Azkenik, Podemos-Ahal Duguk eskatuta, Nafarroako Parlamentuak “lan talde bat eratuko du bere ibilbidea burutzeko eta hala 2030 Agendaren garapen jasangarriko helburuak betetzeko”.
Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak 2016an onetsitako ebazpen bat aipatzen du, zeinetan bultzatzen zen politika publikoek GJHekin eta horien jomugekin bat egin zezaten; hartara, Nafarroako Gobernuak departamentuen arteko batzorde bat sortu zuen, Eskubide Sozialetako Departamentuak gidatuta, zeinak Ekintza Plan bat eta “Politika Publikoen Bat-egitea” izeneko txostena taxutu baitzituen.
Helburu horrekin, “pobreziari amaiera emateko, desberdintasunen eta pobreziaren kontra borrokatzeko eta klima-aldaketari aurre egiteko asmoz”, ekimenaren sustatzaileak Gobernu honen konpromisoa nabarmendu du inor atzean utziko ez duen gizarte baten alde lan egiteko. Horregatik, momentu “adierazgarri” honetan, “erakunde guztien inplikazioa” eskatzen du.
-
Mozioa (23. NPAO, 2019-10-11koa)