Nafarroako Gobernua eskola-porrota eta eskola-abandonua gutxitzeko eta pixkanaka desagerrarazteko behar diren neurri guztiak diseina eta gara ditzan premiatzen duen ebazpena onetsi dute
Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat aho batez onetsi du gaur, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “beharrezkoak diren neurri guztiak diseinatu eta abian jar ditzan eskola-porrota eta –uztea pixkanaka txikitu eta desagerrarazte aldera eta, horretarako, desberdintasunak konpentsatzeko eta aniztasunari erantzuteko politikak bultza ditzan, ikasle guztiek eskola-arrakasta lor dezaten, kontuan hartu gabe haien jatorria, sexua, arraza, erlijioa edo egoera soziala”.
Onetsitako ebazpenak bigarren puntu bat du non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen den “0-3 urteko umeentzako eskolak susta ditzan, eskaera osoari erantzunen dioten ikastetxe publikoen sare baten bidez, euskararen araudiarekiko errespetuaren esparruan”.
Era berean eta hirugarren atal batean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “areagotu dezan ikastetxe publikoetako irakasle kopurua, ikasle guztiei arreta egokia eskaini eta ikasle guztiek eskola-arrakasta izan dezaten”.
Horrez gain, Nafarroako Gobernua premiatzen da “% 10 murriztu dezan ikasgelako ikasle kopurua unibertsitatez kanpoko irakaskuntza-maila guztietan”.
Azkeneko hiru puntu horiek SNk, Bildu-k, Nabai-k, I-Ek eta atxiki gabeko bi parlamentariek haren alde emandako botoekin eta UPNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin onetsi dira.
Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerra parlamentu-taldeak bultzatutako ebazpenak argudiatzen duenez, eskola-porrota “larria” da, are gehiago, derrigorrezko mailetan eta egungoa bezalako egoera batean, non lan merkaturako sarbidea “mugatzen” den eta, aldi berean, “gaitasun-eskakizunak handitzen” diren. Ondorioz, hezkuntza sistematik kanpo geratzen direnen “gizartean txertatzeko” aukerak murrizten dira eta askotan “baztertuak egotera bideratuta” geratzen dira.
Proposatu duen taldeak bazterkeriaren arrazoiak “anitzak” direla onartzen du, alabaina, konponbidea “beharrezko baliabideak” izango dituen “curriculum eta egitura egokiak” diseinatzea dela irizten du. Horien artean, prebentzio-neurri gisa, eskolatze goiztiarra aipatzen da, Nafarroan bi urteko ikasleen % 47,2 bakarrik baitago eskolatua.
Azkenik, Hezkuntza Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoaren harira, ohartarazten denez “Aznarren garaian Hezkuntzaren Kalitateari buruzko Lege Organikoak bultzatzen zituen ibilbide bereiztaileak” ez dute ahalbidetuko eskola-uztea eta –porrota txikitzen (18 eta 20 urte bitarteko nafarren % 12ak ez du DBHko titulua lortu); aldiz, lagunduko dute “aukera berdintasuna kentzen”.
· www.parlamento-navarra.es
· Mozioaren argitalpena (NPAO, 110. zk., 2012-12-18koa)