Noiz argitaratua Ostirala, 2022.eko Urriak 14

Nafarroako Gobernua eta Espainiako Gobernua premiatzen baitira kirurgia plastiko, estetiko eta konpontzailearen arloko zenbait osasun jarduera arautu ditzan

Ganberak beharrezkoak diren ekintzak susta daitezen eskatzen du, bai titulazio ofizialen mailan, bai osasun-establezimenduen mailan, pazientearen segurtasuna bermatzeko

Osasun Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Espainiako Gobernua eta Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentua premiatzen baitira “irizpide komunak presta ditzaten araudia kontrolatzearen eta betetzearen inguruan, autonomia-erkidegoekin batera eta Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluan, U.47 Kirurgia Estetikoa laguntza-unitatearen baimena duten osasun zentroentzat”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Exekutiboei eskatzen die “pazienteei informazioa helaraz diezaieten, Kirurgia Plastiko, Konpontzaile eta Estetikoko espezialistei eta medikuntzako beste espezialistei haien espezialitatearen prestakuntza-programa ofizialeko gaitasunen arabera dagozkien gaitasun eta teknikei buruzkoa”.

 

Era berean, eskatzen da “aldatzea urriaren 10eko 1277/2003 Errege Dekretua, Osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduak baimentzeari buruzko oinarri orokorrak ezartzen dituena, intrusismoa ekidite aldera eta bermatze aldera osasungintzako jarduera guztiak titulazio ofizialki aitortua duten profesionalek eginak direla”.

 

Bestalde, Nafarroako eta Espainiako Gobernuak premiatzen dira “gure ordenamendu juridikoan jasota dagoen mediku espezialistaren tituluaren edukitza nahitaezkotzat ezar dezaten medikuntzako espezialitate guztietako lanbide-jardunerako eta horietako bakoitzari dagozkion eginkizunak betetzeko”.

 

Gainera, deia luzatzen da “borroka egin dezaten medikuntzako lanbideetako espezialitate desberdinetan eragiten duen edonolako intrusismo edo sasizientziaren aurka, eta Sasiterapien Plan Nazionala garatzea”.

 

Azkenik, eskatzen da “zain dadila Gaixoaren autonomia eta informazio nahiz agiri klinikoen alorreko eskubide eta betebeharrak arautzen dituen azaroaren 14ko 41/2002 Legea osorik betetzen dela”.

 

Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak kirurgia estetikoekin lotutako zabarkeria medikoen ondoriozko heriotzen berri ematen du, eta, horri dagokionez, “premiazkotzat” jotzen du pazientearen segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren ekintzak sustatzea, “osasungintzako jarduera guztiak titulazio ofizialki aitortua duten profesionalek eginak direla ziurtatzetik hasita”.

 

Ildo horretan, kirurgiarekin eta kirurgiarik gabeko ebakuntzen eskaerak % 10 baino gehiago gora egin duela ohartarazten da. ISAPS-Kirurgia Plastiko Estetikoko Nazioarteko Elkarteak argitaratutako datuen arabera, 2019an 381.364 interbentzio egin ziren kirurgiarekin, eta 159.429 kirurgiarik gabe, Espainia kirurgia estetikoaren sektorean “líder” bihurtuz.

 

Nuria Medina (PSN) buru izan duen bilkuran parte hartu duten parlamentariak izan dira Cristina Ibarrola, Iñaki Iriarte, Ángel Ansa, Raquel Garbayo, Elena Llorente, Maria Jesús Valdemoros (Navarra Suma), Patricia Fanlo, Carlos Mena (PSN), Ana Ansa, Isabel Aranburu (Geroa Bai), Txomin González, Bakartxo Ruiz (EH Bildu) eta Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu).

 

www.nafarroakoparlamentua.eus 

• Mozioa (107. NPAO, 2022-09-30ekoa)