Noiz argitaratua Ostirala, 2023.eko Otsailak 10

Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udala premiatzen dira irtenbide bat eman diezaioten Alde Zaharreko osasun-etxearen irisgarritasun-arazoari

Ganberak osasun-zentroaren aldameneko ezkaratza udalari emateko beharrezko neurriak adosteko eskatu du, mugikortasun urriko pertsonentzako sarbide bat gaitu ahal izateko

Osasun Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legearen hogeita batgarren xedapen gehigarria betez, Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udala premiatzen baititu “koordinatu daitezen eta ezkara tzaren lagapena bete ahal izateko behar diren neurriak adostu ditzaten, ahalik eta lasterren behin betiko irtenbide bat emateko Alde Zaharreko osasun-etxearen irisgarritasun-arazoari”.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Iruñeko Alde Zaharreko bizilagunen salaketaren berri ematen du; izan ere, osasun-zentroan irisgarritasun-arazo bat dago, bertara iristeko erabiltzen diren inguruko kaleek oztopo arkitektonikoak baitituzte, eta hori eragozpena da mugikortasun urriko pertsonentzat.

 

Ildo horretan, eta 2020ko urtarrilean Osasunbidean aurkeztutako instantzien bidez 476 pertsonak eskatu zuten bezala, Calderería kaletik sarbide mugatu bat gaitzea proposatzen da hala eskatzen duten pertsonentzat. Izan ere, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legean hogeita batgarren Xedapen Gehigarria gehitu zen, Iruñeko Udalari Osasun Zentroaren ondoko ezkaratza lagatzeko, irisgarritasuna hobetze aldera.

 

Proposamena egin duen taldeak salatu du orain arte Iruñeko Udalak ez diola erantzunik eman Nafarroako Gobernuaren errekerimenduari, eta, beraz, bi erakundeei eskatu die koordinatzeko eta beharrezko neurriak adosteko, irisgarritasun-arazoari ahalik eta lasterren irtenbidea emateko.

 

Ainhoa Unzu (PSN) buru izan duen bilkuran parte hartu duten parlamentariak izan dira Cristina Ibarrola, Marta Álvarez, Ángel Ansa, Raquel Garbayo, Elena Llorente, Maria Jesús Valdemoros (Navarra Suma), Patricia Fanlo, Arantza Biurrun (PSN), Ana Ansa, Isabel Aranburu (Geroa Bai), Txomin González eta Bakartxo Ruiz (EH Bildu).

 

www.parlamentodenavarra.es

• Mozioa (18. NPAO, 2023-02-03koa)