Noiz argitaratua Ostirala, 2019.eko Azaroak 8

Nafarroako Gobernua Euskarari buruzko Legeak jasotzen dituen aukera guztiak gara zitzan eta lege berri bat garatzeko lan egin zezan premiatzen zuen mozioa baztertu da

NJANren azken epaiek sortutako nahasmenaren ondoren, deialdi publikoak eta legedia Nafarroako hizkuntza errealitatera egoki zitezen eskatzen zen

Herritarrekiko Harremanetako Batzordeak mozio bat baztertu du gaur Navarra Sumaren eta PSNren aurkako botoekin eta Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “euskarari buruzko Legeak jasotzen dituen aukera guztiak gara zitzan, baita zonifikazioa gaindituko duen euskarari buruzko Foru Lege berri bat garatzeko lan egin zezan, halako moduz non, egungo errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta, gai izanen baita Nafarroako herritar guztien hizkuntza-eskubideei erantzuteko”.

 

Bigarren atalean, Nafarroako Gobernuari eskatzen zitzaion “Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren 216/2019, 217/2019, 218/2019 eta 254/2019 epaiek zedarritutako bidetik jarraitzeko, hizkuntza plangintzari dagokionez, Nafarroako herritarrei arreta elebiduna bermatzeko, Euskarari buruzko Legeak ezarri bezala. Horretarako Nafarroako Gobernua premiatzen zen euskararen ezagutza derrigorrezko baldintza gisa duten beharrezko lanpostuak zehatz zitzan”. Atal honetan eta hurrengoan PSN abstenitu egin da.

 

Era berean, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “araudi bat onetsi eta gara zezan, zeinak Nafarroa osoan bermatuko baitzuen merezimenduen balorazio zuzen eta proportzionatua, euskararen ezagutzari begira; horrek ekarriko du oro har haren ezagutza ez dela gutxiago baloratuko Europako erkidegoko beste hizkuntza batzuen ezagutza baino”.

 

Azkenik, Gobernuari eskatzen zitzaion “bere irudian, seinaleetan eta bere komunikazio publikoetan gure erkidegoaren errealitate elebiduna isla dezan, bereziki Nafarroako herritar guztiei zuzendutako Administrazioko zerbitzuetan”.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako mozioak dei egiten zuen “hizkuntza politikari buruzko adostasun sozial eta politiko zabal bat erdiestera, deialdi publikoak eta legeak Nafarroako hizkuntza errealitatera egoki daitezen”. Aipatzen zen azken hiru hamarkadetako garapena, 2016ko VI. Inkesta Soziolinguistikoak erakusten duenez, ez dela “behar bezala artatu”.

 

Esandakoaren harira eta aipatu inkestaren babesean, azaltzen zen “herritarren % 13 euskaldun aktiboa dela, portzentaje hori bi halako bilakatzen dela 16 eta 24 urte arteko adin-tartea kontuan hartzen badugu, eta biztanleriaren % 10 euskaldun pasiboa dela jotzen da”. Honen aurrean, sustatzaileek azpimarratzen zuten “2015ean Administrazioaren lanpostuen % 0,9 baizik ez zela elebiduna, ehuneko nabarmen eskasa. Ospitalegune osoan, non ia 6.000 langile publiko baitaude, eskakizun hori zuen lanpostu bakarra zegoen”.

 

Isabel Aramburu (Geroa Bai) buru izan duen saioan egon diren parlamentarioak Iñaki Iriarte, Juan Luis Sánchez de Muniáin, Isabel Olave, José Suárez, Ángel Ansa, Jorge Esparza (Navarra Suma), Jorge Aguirre, Javier Lecumberri, Inma Jurío (PSN), Jabi Arakama (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz, Laura Aznal (EH Bildu) eta Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu).