Nafarroako Gobernua genero indarkeriaren aurkako berariazko kanpaina bat prestatu dezan premiatzen duen ebazpena onetsi dute
Jasotzen denez, sentsibilizazio-kanpainak eta informazioak ugariak diren arren, gaztetxoak ez dira gauza diskurtsoa beren bikote harremanetara eta eguneroko bizitzara eramateko
Parlamentuak ebazpen bat aho batez onetsi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “genero indarkeriaren aurkako berariazko kanpaina bat prestatu, indartu, handitu, gaurkotu eta azpimarra dezan, Nafarroako ikastetxeetan nerabeei zuzenduta eginen dena”.
Zioen azalpenean, PPNk bultzatu duen ebazpenak dioenez, genero indarkeriari buruzko sentsibilizazio-kanpainak eta informazioak “ugariak” diren arren, “gaztetxoak ez dira gauza diskurtsoa beren bikote harremanetara eta eguneroko bizitzara eramateko”.
Ildo horretan, Nafarroako Gobernuak aurkeztutako azken inkesta (2013) aipatzen da –Gazteria eta Osasuna, 2013ko inkesta–. Jasotzen denez, kontsultatutako emakumeen % 17k onartzen du bere bikotekideak eraso egin diola, ahoz (% 45,6), modu fisikoan (% 29,3) edo modu psikikoan (23,8%).
Bestalde, Espainiako Gobernuak 2013ko azaroan Espainiako nerabeen bilakaera, berdintasunaren eta genero indarkeriaren prebentzioaren aurrean azterlana argitaratu zuen; horren arabera, “hamahiru eta hemeretzi urte bitartekoen % 12k ez du uste tratu txarra denik bikotekideak mehatxu egitea edo hari mehatxu egitea, baldin eta harremana hautsi nahi badu”. Azterlan horrek ere adierazten du nesken % 28k esaten duela bere bikotekidearen kontrol “gehiegizkoa” pairatu duela, mutilen % 16,4k airtortzen duela bere neskalaguna azken muturreraino kontrolatzen duela, eta hamar neskatik bik deklaratzen dutela sakelako telefonoaren bidez kontrolatuta daudela.
Datu horiek oso adierazgarriak badira ere, proposatu duen taldeak azpimarratzen du nerabe horietatik askok ez duela uste “jokabide horiek genero indarkeria direnik”.
• www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 99. zk., 2014-09-16koa)