Noiz argitaratua Osteguna, 2015.eko Urtarrilak 15

Nafarroako Gobernua Hondakinak Kudeatzeko Plan Integratuaren aldaketa egiterakoan egiazko parte-hartze publikoko prozesu bat abiaraz dezan premiatzen duen mozioa bazter utzi dute

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak indargabetu zuela, proiektuan errausketa eta balorizazio energetikoa ezabatu zela eta udal hausteskundeak atarian daudela aipatzen zen

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk eta PPNk haren aurka eman dituzten botoekin eta Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde eman dituzten botoekin, mozio bat bazter utzi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “benetako parte-hartze publikoko prozesu bat abiaraz dezan Hondakinak Kudeatzeko Plan Integratua aldatzeko orduan, eta, horretarako, herritarren, gizarte-erakundeen eta ukitutako toki entitateen esku jar ditzan plan hori aldatzeko proposamenak nahiz proposamen horiek oinarritzen diren argudio teknikoak eta ingurumen arlokoak”.

Zioen azalpenean, Bildu-k eta Aralar-Nabaik bultzatu duten mozioak adierazten duenez, ekarpenak egiteko ireki den prozesua “nahasia da, eta zalantzazko eraginkortasunekoa”; izan ere, “ez da herritarren parte-hartze prozedurarik zehaztu”, eta dagoen dokumentazioa Hondakinak Kudeatzeko Plan Integratua onetsi zen uneari buruzkoa denez, “gaurkotu gabe” dago, izan ere, beranduago Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak indargabetu zuen.

Ildo horretan, proposatu dutenen ustez “informazio publikoa jasotzeko eta parte-hartze goiztiarrerako eskubideak urratzen ari dira, ez delako esaten zein den Gobernuaren asmoa (Hondakinak Kudeatzeko Plan Integratuaren barruan errausketa eta balorizazio energetikoa ezabatu ondoren) eta ez delako ematen inolako dokumentaziorik erabakia oinarritzeko, zeinaren edukia, gure parlamentu-taldeak behinik behin, ez baitu ezagutzen”.

Hortaz, Toki Mapa aldatzeko lantaldea legebiltzar honetan “ez atzera eta ez aurrera” dagoen une honetan, eta “toki entitateen osaera alda dezaketen” udal hauteskunde batzuen atarian gaudelarik, Bildu-k eta Aralar-Nabaik uste zuten hau “ez dela une egokia gisa horretako prozesuak presaz eta herritarren parte-hartzerako behar bezalako bermerik gabe abiarazteko”.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 129. zk., 2014-11-21ekoa)