Nafarroako Gobernua ingurumenaren babesa ziurtatzeko jarduketak abian jar ditzan premiatzen duen ebazpena onetsi dute
Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpena ahobatez onetsi du gaur, zeinaren bidez Ganberak “jotzen duen ingurumenaren zaintza eta gure lurraldearen iraungarritasuna lehentasun direla”. Hori dela-eta, jotzen du “nazioarteko itunak eta gure ingurumen legedia aplikatzerakoan egoki jokatzea beharrezko baldintzak direla babes hori eragingarri bihurtzeko”.
Onetsitako ebazpenak bigarren puntu bat du. Bertan, halaber, Foru Komunitateko Gobernua premiatzen da “behar diren jarduketak egin ditzan ingurumenaren babes hori bermatze aldera, arriskuan jar lezaketen proiektuen ondorioak saihestuz edo ahal den guztian murriztuz”.
Era berean eta hirugarren atal batean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “bere jarduketetan joka dezan Europar Batasunean ezarri eta 20-20-20 estrategian finkatu diren konpromisoen arabera”.
Zioen azalpenean, Nabai-k bultzatutako ebazpenak proiektu ekonomiko edo enpresa-proiektuak agenda politiko eta erakunde-agendaren barruan mantentzearen alde egiten du, beti ere “isuri edo emisio kutsagarriei” dagokienez, haien “iraungarritasuna” bermatzeko asmoz.
Proposatu duen taldearen arabera “krisi ekonomikoak” eta ondorioz dagoen ekoizpen-jarduera sortzeko beharrak ez dute eragozpen izan behar “ingurumenaren eraginaren” ikerketa malgutzeko edo saihesteko.
· www.parlamentodenavarra.es
· Mozioaren argitalpena (NPAO, 24. zk., 2012-03-09koa)