Nafarroako Gobernua larrialdikoa ez den osasun-garraioaren koordainketa aplika ez dezan premiatzen duen ebazpena onetsi dute
Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabeko bi parlamentariek haren alde emandako botoekin eta UPNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin, ebazpen bat onetsi du gaur zeinaren bidez Parlamentuak “errefusatu egiten ditu apirilaren 20ko 16/2012 Errege Dekretuaren bidez ezarritako osasun arloko koordainketa-mota oro, larriki urratzen dituztelako herritarren eskubideak nahiz Nafarroaren eskumenak”.
Onetsitako ebazpenak bigarren puntu bat du non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen den “ez dezan aplika, bere eskumenak baliatuz eta osasun-prestazioen ekitatea aintzat hartuz, larrialdikoa ez den osasun garraioko koordainketa, eta horren doakotasuna ziurta dezan Nafarroako biztanle guztientzat”.
Era berean eta hirugarren atal batean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “berehala bete dezan Legebiltzar honek iragan urriaren 11n onetsitako foru legea, zeinak farmazia-koordainketa birformulatzen baitu”.
Zioen azalpenean, Bildu eta Aralar-Nabai parlamentu-taldeek bultzatutako jatorriko ebazpenak baieztatzen duenez Dekretu horrek “larriki urratzen ditu herritarren eskubideak, eta autonomia erkidegoen eskumenak ere bai”. Bi arrazoi horiek direla-eta defendatzen dute konstituziokontrakotasun-errekurtso bat jartzea.
Proposatu duten taldeen ustez, larrialdikoa ez den osasun garraioaren koordainketak eta farmazia-koordainketak “desberdintasunak eragiten dituzte populazioaren osasunean eta ekitatean, batez ere pentsiodunei dagokienez, zeinak, oro har ekonomikoki kaltetuenak baitira, eta gaixo kronikoei dagokienez”.
· www.parlamentodenavarra.es
· Mozioaren argitalpena (NPAO, 3. zk., 2013-01-14koa)