Noiz argitaratua Osteguna, 2013.eko Ekainak 27

Nafarroako Gobernua Leitzako Maxurrenea etxeari kultur erabilera eman diezaion premiatzen duen ebazpena onetsi dute

2002an Barne Ministerioarekin sinatutako kontratuan alokairua bere kabuz eteteko aukera jasotzen den arren, ez da eztabaidatu

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin, ebazpen bat onetsi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “jatorrizko agindua bete dezan, hartara, ahalik eta epe laburrenean, Leitzako Maxurrenea etxea jarduera sozial edota kulturaletarako erabili ahal izan dadin”.

Onetsitako ebazpena Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak aurkeztutako eta ekimenaren titular Bildu eta Aralar-Nabaik onartutako ordezkatze zuzenketa baten ondorio da.

Sozialisten testuak bigarren idatz-zati bat zuen, UPNk, Bildu-k, eta Aralar-Nabaik haren aurka emandako botoarekin eta atxiki gabekoen abstentzioarekin bazter geratu dena. Bertan, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “Gobernu zentralaren aurrean lekualdaketa ahalik eta epe laburrenean kudeatzera, halako moldez non orain Maxurrenean kokatzen diren Leitzako Guardia Zibilaren instalazioak haien zeregina betetzeko beharrezkoak diren efikazia eta duintasun baldintzak betetzen dituen beste kokaleku batera lekualdatuko diren”. SNk eta I-Ek emandako babesa ez da nahikoa izan.

Zioen azalpenean, Bildu eta Aralar-Nabai parlamentu-taldeek bultzatutako ebazpenak azpimarratzen du hamar urte igaro direla Nafarroako Gobernuak 2002an erabaki zuenetik alokairu-araubidean lagatzea Maxurrenea etxea Barne Ministerioari, eta azken honek Maxurrenea kuartel-etxe bihurtzea erabaki zuenetik, eta Nafarroako Gobernuak bere kabuz kontratua deuseztatzeko aukera duela.

www.parlamento-navarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 44. zk., 2013-04-29koa)