Noiz argitaratua Osteguna, 2012.eko Maiatzak 10

Nafarroako Gobernua osasun sistema publikoan haurdunaldia borondatez eteteko aukera eskain dezan premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SN, Nabai, Bildu eta I-Ek alde emandako botoekin eta UPN eta PPNk aurka emandako botoekin, Nafarroako Gobernua “2013. Urtetik aurrera haurdunaldiaren borondatezko etetea osasun sistema publikoan eskain dezan, eta 2012 amaitzerako zerbitzu hori eman ahal izateko beharrezko neurriak har ditzan” premiatzen duen ebazpena onetsi du gaur.

Onetsitako ebazpenak bigarren puntu bat du zeinetan, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen den “haurdunaldiaren borondatezko etetea osasun sistema publikoan eskainiko ez den tarte horretan klinika pribatuarekiko ordainketa sistema berrikus dezan, emakumeek ebakuntzaren kostua aurreratu behar ez dezaten”.

Zioen azalpenean, Bildu-k bultzatutako ebazpenak nabarmentzen du 2011ko urrian Osasun Departamentuak Antsoainen ireki zen klinika pribatuarekin sinatutako kontzertuak, Nafarroan haurdunaldiaren borondatezko etetea artatzeko helburua zuenak, Osasunaren alorrean pertsonek dituzten eskubide eta betebeharrei buruzko 17/2010 Foru Learen 5.4 atalari erantzunik eman gabe jarraitzen duela.

Proposatu duen taldeak baieztatzen du Nafarroako Gobernuak gai honen inguruan hartutako erabakiek “karga ideologiko handia” dutela, “sektore publikoan prestazioak zabaldu beharrean, pribatua bultzatzen da, beste behin”; horrela zentro publiko batean artatuak izateko “eskubidea urratuz”, eta dirua aurreratu behar izateko “astungarriarekin”.

· www.parlamento-navarra.es
· Mozioaren argitalpena (NPAO, 22. zk., 2012-03-02koa)