Noiz argitaratua Asteazkena, 2021.eko Apirilak 28

Nafarroako Gobernua PAItik irteteko eskaera egiten duten ikastetxeei prozesua erraz zezan premiatzen zuen mozioa baztertu da

Ikastetxe publikoetan PAI ezartzeari eta horrek aniztasunarekiko arretan duen eraginari buruzko azterlan bat egin dadin eskatzen zen, bereziki etorkinen kasuan eta hezkuntza-premia bereziak dauzkaten ikasleen kasuan

Hezkuntza batzordeak ebazpen bat baztertu du gaur, Navarra Sumaren eta PSNren, aurkako botoekin eta Geroa Bairen, EH Bilduren eta Podemos-Ahal Duguren aldekoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “ikastetxeen erabakiak errespeta ditzan eta horien autonomia susta dezan, PAItik irteteko eskaera egin eta hezkuntza-erkidegoaren babesa duten ikastetxeei programatik irteteko prozesua erraztuta”.


Baztertutako ebazpenak bigarren atalean Nafarroako Gobernuari eskatzen zion “147/2016 Foru Agindua alda dezan ikastetxeen borondatea aldezteko, halako moduan non ez den irakurketa murriztailerik egin ahal izanen PAItik irten nahi duten ikastetxeak programan 8 ikasturtez manten daitezen, erabat amaiarazi arte”.


Azkenik, Foru Exekutiboa premiatzen zen “azterlan bat egin dezan sei hilabeteko epean, ikastetxe publikoetan PAI ezartzeari eta horrek aniztasunarekiko arretan duen eraginari buruzkoa, bereziki etorkinen kasuan eta hezkuntza-premia bereziak dauzkaten ikasleen kasuan. Azterlana taxutzeko, aintzat hartuko ditu ingelesez ikasteko programako ikastetxeak, guraso elkarteak eta Eskola Kontseilua”.


Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak abenduaren 30eko 147/2016 Foru Aginduaren aldaketa proposatzen zuen, “PAItik atera nahi duten ikastetxeei, baldintzak betetzen badituzte, prozesua errazteko”.


Ildo horretan, gogorarazten zen Castejongo Dos de Mayo HLHIPko hezkuntza-komunitateak bigarrenez eskatu duela aurten PAI-Ingelesez Ikasteko Programatik ateratzea, “hezkuntza eta pedagogia irizpideetan soilik oinarrituta”.


Ikastetxeak, araudiak ezarritakoari jarraikiz, programa amaiarazteko egutegi bat aurkeztu zuen PAItik irteteko taxutu zuen plangintzan, baina Hezkuntza Departamentuak ohartarazi zion eskariak ez zuela betetzen 147/2016 Foru Aginduko 11.2 artikuluan ezarritako baldintzetako bat, honako hau hain zuzen ere: “ikastetxeak programen jarraitutasuna bermatu beharko du ezarrita dagoen ikasmailetan”.


Ingelesez ikasteko programa, beraz, 8 ikasturtez mantenduko da ikastetxean, erabat amaiarazi arte. Honen harira, aipatzen zen “ez litzatekeela arauaren irakurketa hain murriztailea egin beharko, izan ere anbiguoa gerta baitaiteke”, eta hezkuntza-erkidegoaren erabakia errespeta dadila aldarrikatzen zen, “ikasgelako erritmoan atzerapen handia eta ikasgaietako edukietan sinplifikazio handia” gertatzen direla arrazoitu baitute.


Patricia Fanlo (PSN) buru izan duen saioan egon diren parlamentariak izan dira Pedro González, Alberto Bonilla, Miguel Bujanda, Isabel Olave, Javier García, Ángel Ansa, Elena Llorente (Navarra Suma), Jorge Aguirre, Javier Lecumberri (PSN), María Solana, Isabel Aranburu (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz., Patricia Perales (EH Bildu) y Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal dugu).

 

* I-E ez da batzordera joan.

 

www.parlamentodenavarra.es

• Publicación de la moción (BOPN, nº 27, de 26-02-2021)