Nafarroako Gobernua premiatzen da “Desgaitasuna duten Pertsonei Lagungarriak Helarazteko Nafarroako Fundazio Publikoak” dituen helburuak betetzea ahalbidetuko duen plan estrategiko bat diseina dezan
8/2021 Legea indarrean sartzearen ondoriozko zailtasun gehigarriak aipatzen dira, izan ere, are gehiago baldintzatzen du kasuen kudeaketa, gero eta ugariagoak eta konplexuagoak baitira
Parlamentuaren osoko bilkurako ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen, PPNren eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin eta UPNren eta Voxen abstentzioekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Desgaitasuna duten Pertsonei Lagungarriak Helarazteko Nafarroako Fundazio Publikorako plan estrategiko bat egin dezan, dituen xedeak eta helburuak hobekien betetzea ahalbidetuko duten antolaketa eta estrategia egokienak taxutu eta definituko dituena”.
Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Desgaitasuna duten pertsonei beren gaitasun juridikoa egikaritzen laguntzeko legedi zibila eta prozesala erreformatzeko ekainaren 2ko 8/2021 Legetik eratorritako “funtzionamendu-zailtasunak” aipatzen ditu. Izan ere, lege hori indarrean sartzean, "Fundazioaren estatutuak, izena eta helburuak aldatu behar izan ziren, eta une horretatik bere xedea da desgaitasuna duten helduentzat juridikoki ezarritako laguntza-neurriak betetzea”.
Horri dagokionez, zehazten da Nafarroako Pertsona Helduak Tutelatzeko Fundazioaren jarduna jada baldintzatuta zegoela jardueraren gorakadarekin eta bere gain hartzen dituen kasuak gero eta konplexuagoak direlako, “gaixotasun mental larria duten 65 urtetik beheitiko pertsonak ugaritu egin baitira eta gainera, askotan, zailtasun sozioekonomiko larriak eta gizarte-bazterketa prozesuak gehituta”.
Proposamena egin duenak, azkenik, Fundazioaren garapena errazteko jarduteko deia egin du, ebazpen judizial bidez Foru Administrazioaren esku uzten diren helduen garapen juridikoa berdintasun-baldintzetan ahalbidetzeko.
- www.nafarroakoparlamentua.eus.
- Mozioa (7. NPAO, 2024-01-19koa)