Nafarroako Gobernua premiatzen da “Diagnostiko Konplexuak dauzkaten Familiei Laguntza eta Aholku Integrala emateko Figura” (DKFLAI) sortzera
Ganberak erreferentziazko figura tekniko irisgarri eta zentralizatu bat sortzeko galdegiten du, familien karga arintzeko eta baliabide zatikatzea eta gainkarga administratibo eta emozionala murrizteko
Osasun Batzordeak, UPN, PSN, PPN eta Talde Mistoaren aldeko bozekin, EH Bildu eta Contigo-Zurekinen abstentzioarekin eta Geroa Bairen aurkako bozarekin, ebazpen bat onetsi du gaur, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Diagnostiko Konplexuak dauzkaten Familiei Laguntza eta Aholku Integrala emateko Figura”(DKFLAI) sortzera.
Helburua da, onetsitako testuan zehazten denaren arabera, “erreferentziazko figura tekniko irisgarri eta zentralizatu bat sortzea, kasuen orientazioa, koordinazioa eta jarraipena eginen duena, eta sistema anitzetako beharrak (osasuna, gizarte-zerbitzuak, hezkuntza, enplegua) eta diagnostiko konplexuak dauzkaten familiei zuzenduko zaiena”.
Onetsi den ebazpenaren bigarren puntuan, halaber, foru gobernuari dei egiten zaio “leihatila bakarra sor dezan, familiei harreman gune bakar bat eta ibilbide asistentzial argi bat eskaintzeko”.
Azkenik, PPN ekimenaren titularrak PSNk aurkeztutako gehitzeko zuzenketa onartu ondotik, Osasun Departamentuari galdegiten zaio “azter dezala kasuen kudeatzailearen figura sortzeko aukera; arreta emanen lieke Dravet-en sindromea eta beste gaixotasun arraro batzuk pairatzen dituzten pertsonei eta beren familiei, eta gaixotasun horietatik erator litezkeen premiak beste osasun departamentu batzuekin koordinatu eta kudeatuko lituzke”.
UPNk bi ordezteko zuzenketa in voce aurkeztu ditu, baina PPNk ez ditu onartu. Lehenengoaren asmoa zen “Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan, loturako erizainaren edo kasuen kudeatzailearen figura ezartzea Neuropediatrian”; bigarrenak, aldiz, “leihatila birtual bakarra sortzeko” galdegiten zuen, “informazio puntu bakar batean jakin ahal izateko patologia bakoitzerako zer baliabide dagoen Foru Komunitatean”.
Zioen azalpenaren arabera, PPN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenaren xedea da diagnostiko konplexuak —gaixotasun arraroak, nahasmendu neurologiko larriak, mendekotasun handia dakarten desgaitasunak edota hasiera goiztiarreko patologia kronikoak— dauzkaten familiek “baliabide zatikatzearen eta gainkarga administratibo eta emozionalen” ondorioz pairatzen duten karga arintzea.
Halaber, ebazpenaren arabera, erreferente bakarrik ez dagoenez, familiek “kudeatzaile” gisa jardun behar dute, horretarako behar diren ezagutza teknikoak eta laguntzak izan gabe, eta horrek “zaurgarritasuna eta desparekotasuna handitzen ditu”.
Ildo berean, Diagnostiko Konplexuak dauzkaten Familiei Laguntza eta Aholku Integrala emateko Figura sortzearen aldarri egiten da; izan ere, “baliabide publikoak optimizatuko lirateke, eta bikoiztasunak murriztu, eta, orobat, efizientzia hobetuko litzateke, eta laguntzak garaiz iristea bermatuta legoke. Gainera lurralde ekitatearen onerako izanen litzateke, eta informaziorik ezak edo zerbitzuen sakabanatzeak hiriguneen eta landaguneen artean desparekotasuna sortzea saihestuko luke”.
Bilkuraren buru izan da Mikel Asiáin (Geroa Bai talde parlamentarioa), eta, gainera, hauek bertaratu dira: Leticia San Martín, Ángel Ansa, Marta Álvarez, Raquel Garbayo (UPN talde parlamentarioa), Maite Esporrín, Arantza Biurrun, Úrsula Pardo (PSN talde parlamentarioa), Txomin González, Jabier Arza (EH Bildu talde parlamentarioa), Isabel Aranburu (Geroa Bai talde parlamentarioa), Irene Royo (PPN talde parlamentarioa), Miguel Garrido (Contigo-Zurekin talde parlamentarioa) eta Emilio Jiménez (Talde Mistoa).
• www.parlamentodenavarra.es/eu
• Mozioaren argitalpena (5. NPAO, 2026-01-23koa.)