Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Urtarrilak 30

Nafarroako Gobernua premiatzen da 142/2004 Foru Dekretua alda dezan etxebizitza-premia berriei erantzuteko

Energia-arloko baldintzei, etxebizitza-formatu berrien beharrizanen eta tipologien aldaketari nahiz 'lofts' izenekoei aurre egiteko irtenbideak eskatzen dira

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du Navarra Sumaren, PSNren, Geroa Bairen, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “sei hilabeteko gehieneko epean alda dezan foru araudia –zehazki, 142/2004 Foru Dekretua–, gure erkidegoan etxebizitzari dagokionez dauden beharrizan berriei lekua egiteko”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako eta PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk zuzendutako ebazpenak hiri-ehunduraren bilakaera, familia-egituren aldaketa eta etxebizitza lortzeko zailtasunak aipatzen ditu Nafarroan bizigarritasunari buruzko araudiaren aldaketa eskatzeko, izan ere, “ez baitie erantzuten hiriak berritzeko eta berroneratzeko egungo premiei, eta ez zaie eraikuntza-teknologia berriei egokitzen”.

 

Ildo horretan, “zentzuzko irtenbideak” eskatzen dira energia-arloko baldintzei, etxebizitza-formatu berrien beharrizanen eta tipologien aldaketari nahiz lofts izenekoei aurre egiteko. Helburu horrekin, araudi aldaketa bat egin dadila defendatzen da, eta aldaketa horrek honako hauek jaso beharko lituzke: alde zaharretan ohikoak diren lurzatietan orubeak berritu ahal izatea; etxebizitza handiak zatitu eta txikiagoak egitea, argiztatze, aireztatze eta aire-erauzte alternatiboko konponbideak emanez; solairuen diseinu ez hain murriztaileak, eraikin finkatuetako egungo beheko solairuei egokituak.

 

Proposatzen da, baita ere, teknologia berrietara egokitzea –esaterako, Passiv sistemara–, “instalazioak alferrik bikoiztu gabe”, edo aginduzko bizigarritasun-zedula lortzea beren banaketa, kokapena edo forma direla-eta gaur egun halakorik lortu ezin duten etxebizitzek.

 

*EH Bildu talde parlamentarioa ez da Osoko Bilkuran egon.