Noiz argitaratua Asteazkena, 2021.eko Martxoak 31

Nafarroako Gobernua premiatzen da 2021. eta 2022. urteetan gazteekin jarduerak antola ditzan Donejakue Bidea ezagutarazteko, haren zabalkundea egiteko eta hartan parte hartzeko

Erkidegoko gazteen parte-hartzea indartzeko eta Bidea belaunaldi berriei ezagutzera emateko helburuarekin

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin (I-Ek ez du bozketan parte hartu), zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “bat egin dezan 2021-2022 Donejakue urtearen ospakizunarekin”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen dio “Gazteriaren Institutuak jarduerak antola ditzan gazteekin Donejakue Bidea ezagutarazteko, haren zabalkundea egiteko eta hartan parte hartzeko”.

 

Bestalde, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “Done Jakue Bideak zeharkatzen dituen autonomia erkidegoetako gazteen trukea susta dezan, Bidea egin dezaten”.

 

Azkenik, Nafarroako Gobernua premiatzen da “genero ikuspegia eta ezgaitasunaren ikuspegia sar ditzan 2021. eta 2022. urteetan, Donejakue urteak baitira, Donejakue Bidean gazteekin antolatzen dituen jarduketa eta jardueretan”. Atal hau PSNk, Geroa Baik, Eh Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek sinatutako gehitzeko in voce zuzenketa baten bidez gehitu da.

 

Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak dio beharrezkoa dela “Bidea belaunaldi berriei ezagutzera ematea”, eta Bidea “gaztetzeko premia” zegoela, hau da, “transmisioa eta gure erkidegoko gazteen parte-hartzea indartzeko premia”, hala azaldu baitzuen duela aste batzuk Parlamentuan Nafarroako Donejakue Bidearen Lagunen Elkarteak.

 

Sustatzaileak gogorarazten du 2021eko Jubileu Urtea edo Donejakue Urtea 2022ko abenduaren 31ra arte luzatu dela COVID-19tik eratorritako pandemiaren ondorioz, “jende-pilaketak saihesteko eta, osasun-egoerak hobera eginez gero, malgutasuna bideratzeko”.

 

Carlos Pérez-Nievas (Navarra Suma) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira Alberto Bonilla, Ángel Ansa, Isabel Olave, José González, Elena Llorente, (Navarra Suma), Virginia Magdaleno, Carlos Mena, Inma Jurío (PSN), Blanca Regúlez, Jabi Arakama (Geroa Bai), Maiorga Ramírez, Laura Aznal (EH Bildu) eta Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu).

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (35. NPAO, 2021-03-12koa)