Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Urriak 17

Nafarroako Gobernua premiatzen da 2025eko lehen hiruhilekoan osasun-arreta jarraitu eta larrialdikoari buruzko funtzionamendu plan bat aurkez dezan

Eta, aurkeztu ezean, Erriberriko Osasun Eskualde Oinarrizkoaren Etengabeko Arretarako Gunea berriz ere ezar dezan

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, EH Bilduren, Geroa bairen eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin eta UPNren, PPNren eta Voxen aurkako botoekin. Horren bidez, Nafarroako Gobernua eta Osasun Departamentua premiatzen dira “2025eko lehen hiruhilekoan osasun-arreta jarraitu eta larrialdikoari buruzko funtzionamendu plan bat aurkez dezaten Nafarroarako eta, aurkeztu ezean, Erriberriko Osasun Eskualde Oinarrizkoaren Etengabeko Arretarako Gunea berriz ere ezar dezaten”.

 

UPNk ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du, EH Bildu ekimenaren titularrak onartu ez duena, eta Foru Exekutiboa premiatu nahi zuen, batetik, “ez dezan zerbitzurik kendu Nafarroako herrietako arreta jarraituko eta larrialdiko arretako guneetatik”, eta bestetik, “Erriberriko Osasun Eskualde Oinarrizkoaren Etengabeko Arretarako Gunea berrezar dezan arratsaldeko eta gaueko ordutegian eta ez dezan murriztu Nafarroako herrietako gainerako arreta jarraitu eta larrialdikorako guneen ordutegia”.

 

Gauza bera gertatu du PPNk aurkeztu duen in voce zuzenketarekin, zeinak Osasun Departamentua premiatzen baitzuen “Erriberriko arratsaldeko larrialdi-zerbitzua berriz jar dezan”.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu TPak sustatutako ebazpenak azaltzen duenez, 2015-2019 legegintzaldian, Osasun Departamentuak Erriberriko Osasun Eskualde Oinarrizkoaren osasun-arreta birmoldatu zuen “Tafallako barruti soziosanitarioaren proiektu pilotua” ezarrita. Arreta-eredu horrek ekarri zuen Erriberriko Etengabeko Arretarako Gunea kentzea, eta adierazten denez, “bost urte igaro ondoren ez da egindako jardueraren ebaluazio ofizialik egin”.

 

Ildo horretan, oroitarazten da Erriberriko Udalak apirilean egindako Osoko Bilkuran aho batez onetsi zuela Osasun Departamentuari eta Nafarroako Gobernuari eskatzea Erriberriko gaueko larrialdi-zerbitzua berriz jar dezan, Erriberriko Osasun Eskualde Oinarrizkoko herritarrek eskatu bezala.