Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Urtarrilak 20

Nafarroako Gobernua premiatzen da abeltzaintza estentsibokoak diren ustialeku sozial eta familiarrak susta eta babes ditzan

Betiko nekazaritzaren eta behi-, ardi-, ahuntz- nahiz txerri-aziendako abeltzaintza estentsiboaren aldeko apustua egiten da, zeinak ingurumena errespetatzen baitu eta jasangarria dela nahiz kalitatea duela frogatu baitu

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “abeltzaintza estentsibokoak diren ustialeku sozial eta familiarrak susta eta babes ditzan, apustu argia eginez betiko nekazaritzaren eta behi-, ardi-, ahuntz- nahiz txerri-aziendako abeltzaintza estentsiboaren alde, zeinak ingurumena errespetatzen baitu eta jasangarria dela nahiz kalitatea duela frogatu baitu”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean, Navarra Sumaren aurkako botoarekin, Espainiako eta Nafarroako gobernuak premiatzen ditu “araubideak landu ditzaten abeltzainak integrazio-enpresengandik babesteko, halatan une oro egiaztatu ahal izate aldera sortzen diren kontsumogaiei, langileen bizi-baldintzei eta animalien ongizateari buruzko kalitate-arauak eta legezko betebeharrak bete egiten direla”.

 

Era berean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “lan egin dezan gure komunitateko esne- eta okela-sektoreen lehiakortasuna mantentzearen alde, bai eta gainerako abeltzaintza-sektoreena ere, gure komunitateko beste sektore edo zona batzuetarako proposa litezkeen makroproiektuak, lehiakortasunean eragiten dutenak, errefusatuz”. Navarra Sumak abstentzioa bozkatu du.

 

Ildo horretan, Foru Exekutiboari eskatzen zaio “beharrezkoak diren neurri guztiak bidera ditzan, berriki onetsitako Elikakatearen Legea, zeinak abeltzainei bidezko prezioak bermatzen baitizkie, bitarteko lagungarri eta eraginkorra izan dadin abusuak amaiarazteko”.

 

Azkenik, Nafarroako Gobernua premiatzen da “abian jar ditzan zuzeneko finantza-laguntzak nekazaritzaren eta abeltzaintzaren sektorearentzat, ekoizpen-kostuen gehiegizko igoerari aurre egin ahal izateko”. Atal hau eta aurrekoa aho batez onetsi dira.

 

Jatorrizko testuak beste bi atal zeuzkan, baztertu egin direnak. Lehenak Gobernua premiatzen zuen “eragotz zezan Nafarroan nekazaritza- eta abeltzaintza-makroustiategiak instalatuak izatea, nekazaritza industrialeko kontzentrazio- eta ekoizpen-eredu bati jarraitzen zaizkionak, halakoa non bateraezina baita ingurumenaren zaintzarekin eta landa-garapenarekin”. Navarra Sumaren aurkako botoarekin eta PSNren abstentzioarekin baztertu da.

 

Bigarrenak Foru Exekutiboari eskatzen zion “azter zezan zein diren aukerak Caparrosoko makrohaztegiak egungo abere-kopuruari eusten dion bitartean haren jarduna amaiarazteko, eta horren araberako urratsak egin zitzan”. Navarra Sumaren, PSNren eta Geroa Bairen aurkako botoekin ez du aurrera egin.  

 

Zioen azalpenean, Podemos-Ahal Dugu foro parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztutako ebazpenak “gizarte eta ingurumen mailan errentagarria baina jasanezina den” abeltzaintza intentsiboaren eredua eta “enplegua sortzen duen, biztanleria lurraldean errotzen duen eta kalitate handiko elikagaiak ekoiztea ahalbidetzen duen” ustiapeneko eredu ertain eta txikia kontrajartzen ditu.

 

Ildo horretan, eta “nekazaritza- eta kontsumo-ekoizpenaren prototipoari buruzko eztabaida areagotu denez, bereziki, makrohaztegiei dagokienez”, abeltzaintza-sektorea arautzea proposatzen da, alde batetik, “ekoizpen-sektore bakoitzean ustiategien gehieneko tamaina ezartzeko”, eta, bestetik, “abeltzaintza-karga onargarria berrikusteko, ekosistemen errealitateen eta klima-aldaketaren aurreikuspenen arabera”.

 

Honekin “gehiegizko haragi-kontsumoari” lotutako ekoizpen-eredu bat irauli nahi da; izan ere, Europako Batzordeak eredu horren aurrean iritzia eman du, bai Haztegitik mahaira estrategian, bai Espainia 2050 txostenean bertan ere, “non kontsumo hori nabarmen gutxitzearen aldeko apustua egiten baita, nekazaritzako elikagaien ekoizpen eta kontsumo askoz ere jasangarriago bat sustatzeko”.

 

Testuinguru horretan, gehitzen denez, Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen arabera, abeltzaintza intentsiboak berak bakarrik egiten du berotegi-efektuko gasen isurketen % 14,5. Espainian, gure dietari loturiko isurketen % 80 egiten dute animalia-jatorriko produktuek. Espainian, abeltzaintza intentsiboak eragiten du berotegi-efektuko isurketa guztien % 9. 2020an, MAPAren arabera, 910 milioi abere hil zituzten hiltegietan.

 

Horrela, egoera horren behin betiko kronifikazioa saihestea eta abeltzainen bizibidea zainduko duen eta lehentasunez estentsiboa izango den eredu baten alde egitea, Caparroson jartzen da fokua, bertan kokatzen baita estatu espainiarreko makrogranjarik handiena, 5.200 behiko ustiategia, urtero 189.000 m3 minda sortzen dituena. Inguruko lurzoruaren eta akuiferoen kutsadura eztabaidaezina da.

 

Egoera honen kronifikazioa ekiditearren, sustatzailearen ustez “apustu egin behar da, ezinbestez, abeltzaintza-ekoizpen estentsibo eta lurraldeari lotua lehenetsiko duen eredu baten alde, abeltzainen bizimodua jagonen duena landa-garapena eta biztanle-ezarpena lehenetsiz”. Hori dela eta, fokua Caparroson jartzen da, bertan baitago Espainiako Estatuko makrohaztegirik handiena. “5.200 behi daude eta haietako bakoitzak 100 litro ur kontsumitzen du egunean, eta urtero 189.000 m3 minda sortuko dituzte. Inguru horretako lurzoruaren eta akuiferoen kutsadura ezin eztabaidatuzkoa da”

 

Proposamena egin duenak, azkenik, datu horiek lotu ditu Europako Batzordeak 2018an Espainiaren aurka irekitako espedientearekin; izan ere, 2020an arazo horri aurre egiteko neurriak eskatu zituen, bereziki abeltzaintza industrialak sortutakoa. Horri egozten zaio, hein handi batean, nitrato-soberakinak eragindako lurzoruaren kutsadura, zeina % 50 areagotu baita lau urtean.