Nafarroako Gobernua premiatzen da abian jar dezan musikaren arloko profesionalendako laguntza zuzenen lerro bat, eta sektorearen jarduera berma dezan
Oraindik normaltasunez lan egitea eragozten duen testuinguruaren larritasuna azpimarratu du Legebiltzarrak, eta 2020ko urrian ebazpen baten bidez zuzeneko laguntzak emateko hartutako konpromisoa berretsi du
Kultura eta Kiroleko batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “albait lasterren abiaraz dezan musikaren arloko profesionalendako laguntza zuzenen lerro bat, sektoreko profesional autonomoen, enpresen nahiz entitateen jarduera mantendu ahal izan dadin; izan ere, pandemiak eragindako krisitik heldu den diru-sarreren jaitsiera dela-eta kolokan ikusi dute beren jarduera ekonomiko profesionalaren iraupena”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Gobernuari eskatzen dio “ekitaldien plangintza bat taxutu dezan sektoreko eragileekin batera, egoera epidemiologikoak izan ditzakeen eszenatoki ezberdinetara egokitua, halako moduan non ekitaldi horiek beste gune, edukiera edo baldintza batzuetan egin ahal izanen baitira eta ekonomikoki bideragarriak izanen baitira sustatzaileentzat ere”.
Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak kultura-sektorearen eta, bereziki, zuzeneko musikaren egoera jasanezinari buruz hitz egiten du, “gutxinaka normaltasunera” itzultzen ari dela ikusita, Nafarroako Parlamentuak 2020ko urrian aho batez onartutako ebazpen baten bidez konprometitutako zuzeneko laguntzak eta zerga-abantailak abian jar daitezen premiatzeko.
Gauzak horrela, eta Nafarroako Musika Bizirik Elkarteak (ANAIM) Kultura eta Kirol Departamentuari eta Nafarroako Parlamentuari behin eta berriz eskatu dizkien laguntzen aurrean (irailaren 29an egin zuten Parlamentuan azken agerraldia) Nafarroako Gobernuaren isiltasuna zalantzan jarri ondoren, azpimarratzen da gaur egun ere “normaltasunez lan egitea edo, besterik gabe, lan egitea eragozten duen testuinguru honen larritasuna”.
Bilkura Isabel Olavek zuzendu du (Navarra Suma), eta bertan izan dira Alberto Bonilla, Raquel Garbayo, Javier García, Cristina Ibarrola, Miguel Bujanda, (Navarra Suma), Carlos Mena, Jorge Aguirre, Patricia Fanlo (PSN), Ana Ansa, Blanca Regúlez (Geroa Bai), Maiorga Ramírez, Bakartxo Ruiz (EH Bildu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (18. NPAO, 2022-02-11koa)