Noiz argitaratua Osteguna, 2016.eko Apirilak 7

Nafarroako Gobernua premiatzen da abian jar dezantiket sozial bat, elikagai behar-beharrezkoak erosteko

Bitartean, gizarte larrialdietarako laguntzen bidez kudeatuko da elikadura-laguntza, toki bakoitzeko egiazko premiak kontuan harturik

Parlamentuaren Osoko Bilkurak, gaur aho batez onetsi duen ebazpen batean, Nafarroako Gobernua premiatzen du “azter dezan ea egokia den abian jartzea elikagaiak eta premia biziko produktu freskoak eskuratzeko edota erosteko tiket sozial bat edo bestelako formularen bat, oinarrizko gizarte zerbitzuek kudeatua, Gizarteratze Planaren barnean (plan hori garatze fasean dago)”.

“Emergentzia sozialaren edo gizarte-bazterketaren egoeran dauden pertsona eta familientzako” neurri hori lotuta egonen da “gaur egun horrelako ekintzak egiten dituzten gizarte entitateen eta oinarrizko gizarte zerbitzuetako langileen iritziari, halako moduz non horrelako neurri berriak antolatzeak ez baitu bikoiztasunik eraginen”.

“Aipatutako azterketa egin bitartean, gizarte larrialdietarako laguntzen bidez kudeatuko da elikadura-laguntza, toki bakoitzeko egiazko premiak kontuan harturik”.

Ordezteko zuzenketa baten emaitza da onetsitako testua. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurkeztu dute zuzenketa, eta PSNk, ekimenaren titularrak, onartu egin du.

PSN parlamentu-taldeak sustatutako ebazpenaren zioen azalpenak “gizarte-ongizateko eredu publiko batek bazterkeria saihesteko hartu behar dituen larrialdi-neurrien barnean” kokatzen du ekimena.

Horren harira, zioen azalpenean gogora ekartzen da Nafarroa ez dagoela pobreziaren arriskutik kanpo, Estatistikako Institutu Nazionalak egindako Bizi Baldintzen Inkestak agerian jarri duenez. Izan ere, Europako gainerako herrialdeekin harmonizatuta dagoen inkesta horren arabera, Nafarroan 2014. urtean 76.000 pertsona zeuden pobreziaren arriskuan eta 92.000 pobreziaren eta bazterketaren arriskuan, 2009 urtean baino %4,1 gehiago.

Horregatik guztiagatik, gizarte erakundeek egiten duten lana inola ere gutxietsi gabe, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “oinarrizko eta premiazko produktuak eskuratzeko modu duinago bat bilatzeko, estigmatizatzen ez duten ordezko mekanismoen bidez; hala, onuradunek berek kudeatuko lituzkete erosketak, tiketak edo bestelako formulak erabiliz”.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioa (47. NPAO, 2016-04-05ekoa)