Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Otsailak 14

Nafarroako Gobernua premiatzen da adingabeen nahiz genero-indarkeriaren biktimen ondarea babes dezan

Tributu sistemaren aldaketa aldarrikatzen da indarkeria jasandako emakumeek euren bizi proiektua kargarik gabe berreskura dezaten

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Geroa Bai, EH Bildu, PSN, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN eta PPNren abstentzioekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “behar den aldaketa egin dezan Nafarroako zerga sisteman, adingabeen nahiz genero-indarkeriaren biktimen ondarea babes dezan, zorra genero indarkeria eragin duenaren ardura denerako”.

 

Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak familia unitateek duten erantzukizun solidarioa aipatzen du, “zergaren baterako aitorpenak senarrarengan eta emaztearengan baitu eragina, eta hori dela eta, familia unitateko kideetako bat unitateko beste kidearen aurkako genero indarkeriagatik kondenatu dutenean, zerga erantzukizunaren banaketa ahalbidetzearen beharra aipatzen da”.

 

Sustatzaileak dio “indarkeria ekonomikoaren” esparruan egonik, Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legean jasotzen dela, eta horregatik “behin indarkeria egoera horretatik ateratakoan, emakumeei euren bizitza proiektua inolako kargarik gabe berreskuratzea bermatu behar zaie, kasu honetan finantza esparruan”.

 

Ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginak ezartzen duenez, familia unitate bat osatzen duten pertsona fisikoek, edozein zergalditan, zerga batera ordaintzeko aukera dute, zergari buruzko arau orokorrei eta aipatu legearen xedapenei jarraituz.

 

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrak ezartzen duenez, betebeharra sortzen duen gertakari edo elementu berean zergapeko bat baino gehiago biltzen badira, denak solidarioki daude beharturik betebehar horretan sartzen diren prestazio guztiak betetzera, salbu eta lege mailako arau batean espresuki besterik xedatzen denean.