Noiz argitaratua Asteartea, 2023.eko Otsailak 28

Nafarroako Gobernua premiatzen da Alderdi Karlista 1976ko maiatzaren 9ko gertakarien biktima politiko gisa aitor dezan

Ganberak Iratxeko monasterioko monolitoa “memoria toki” izendatzeko eskatu du, Aniano Jiménez eta Ricardo García hil zituzten tokia

Herritarrekiko Harremanetako Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren, Geroa Bairen, EH Bilduren eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin, Navarra Sumako parlamentari baten (PPN) abstentzioarekin eta PSNren aurkako botoarekin (Podemos-Ahal Duguk ez du bilkuran parte hartu), zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Bakearen eta Bizikidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren bidez Alderdi Karlistari dagokion aitortza publikoa eta erreparazioa egin diezaion –administrazio-egintza egokiaren bidez–, 1976ko maiatzaren 9ko gertakarien biktima politiko nagusia baita, erasoa eskuin muturreko zenbait kidek egin baitzuten, Gobernuaren instantzia batzuen laguntzarekin”.

 

Era berean, eta PSNren aurkako botoarekin, Foru Gobernuari eskatzen zaio “Bakearen eta Bizikidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren bidez “Memoria toki” gisa seinalezta dezan Jurramendin 1976ko maiatzaren 9ko gertakarietan eraildako bi pertsonen omenez –Ekintza Katolikoko Langile-ermandadeko kide Aniano Jiménez Santos eta Ricardo García Pellejero– Iratxeko monasterioaren ondoan paratutako monolitoa”.

 

Azkenik, eta PSNren eta Navarra Sumako parlamentari baten (PPN) abstentzioarekin, Espainiako Gobernua premiatzen da “desklasifikatu dezan 1976ko maiatzaren 9an Jurramendin (Nafarroa) izandako gertakariekin lotutako dokumentazio oro”.

 

Jatorrizko testuak beste atal bat zuen, boto haztatuaren bidez baztertu egin da. Proposatzen zen Nafarroako Parlamentuak, “memoria historiko eta demokratikoari buruzko legedian ezarritako printzipioen arabera, aitortzea Alderdi Karlistak frankismoaren aurkako borrokan eta kontzientziazioan Nafarroan egindako ekarpena”. EH Bildu eta I-Ek aldeko botoa eman dute, Navarra Sumak eta Geroa Baik abstentzioa eta PSNk aurkako botoa.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak, Nafarroako Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztutako ebazpenak Alderdi Karlistak urtarrilaren 24an Herritarrekiko Harremanetarako Batzordean egindako lan-saioan aurkeztutako proposamenen berri eman du. Bertan, Carlos Arias Navarroren Gobernua, eta bereziki Manuel Fraga Iribarne, orduko Gobernazio ministroa, 1976ko maiatzaren 9ko Montejurrako gertakarietan inplikatuko zuten dokumentu berriak azaldu zituen, non bi pertsona balaz hil eta hogeita hamar bat zauritu ziren.

 

Adierazten denez, orain ezagutu diren dokumentuak Alderdi Karlistak defendatzen duen tesiaren ildo beretik doaz; alegia, Jurramendiko gertakariak “Estatuak zuzendutako operazio bat izan zirela Alderdi Karlistari zatituta zegoela, indarkeria erabiltzen zuela eta eskuin muturrekoa zela egozteko; nahiz eta hori ez zetorren bat errealitatearekin”.

 

Besteak beste, gertakari horiekin lotutako dokumentazio guztia desklasifikatzeko eskatzen zaio Espainiako Gobernuari, “Gobernuaren instantzia batzuekin ados jarrita prestatutako plan bat izan baitzen, xede zuena Alderdi Karlistari akabera ematea, hura oztopotzat jotzen baitzen Juan Carlos Borboikoa Espainiako tronuan finkatze aldera”.

 

José Suárez (Navarra Suma) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira Iñaki Iriarte, Isabel Olave, Elena Llorente, Pachi Pérez, Ángel Ansa (Navarra Suma), Inma Jurío, Jorge Aguirre, Javier Lecumberri (PSN), Jabi Arakama, Isabel Aranburu (Geroa Bai), Adolfo Araiz, Bakartxo Ruiz (EH Bildu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).

 

*Podemos-Ahal Duguk ez du bilkuran parte hartu.

 

 

www.nafarroakoparlamentua.eus 

• Mozioa (26. NPAO, 2023-02-15ekoa)