Nafarroako Gobernua premiatzen da alokairuko etxebizitzen parke publikoa handitzera bideratutako politikak indar ditzan, sustatzaile pribatuekin egindako hitzarmenen alternatiba gisa
Titulartasun publikoko lurzatiak lagatzeko eskaera egiten da, enpresa sustatzaileek alokairu babestuko etxebizitzak sustatzen laguntzeko, espekulazioa saihestuz
Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren eta EH Bilduren abstentzioekin (I-Ek ez du bilkuran parte hartu), zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “alokairuko etxebizitzen parke publikoa handitzera bideratutako politikak indar ditzan, sustatzaile pribatuekin egindako hitzarmenen alternatiba gisa, eta, ildo horretan, Navarra Social Housing plan horren beraren bigarren fase bat bidera dezan”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen dio “erraztasunak eman ditzan lurzorua azalera-eskubideko araubidean lagatzeko, betiere indarreko araudia betez eta horren ondorioz aurrekontu-izaerako eragozpenak eta zorpetzearen arloko etorkizuneko kargak sortzea saihestuz, enpresa sustatzaileek lagun dezaten alokairuko etxebizitza babestuak sustatzen eta, bide horretatik, Nafarroako Gobernuaren etxebizitza-parke publikoa handitzen”. Parrafo hau PSNk aurkeztu duen eta Geroa Bai, talde titularrak onartu duen ordezteko zuzenketa baten fruitua da.
EH Bilduk gehitzeko in voce zuzenketa bat aurkeztu du, Geroa Baik onartu ez duena, zeinetan, zehazten zenez, “eraikuntza berri oro toki-entitateekin adostuko da, eta plangintza orokor batean txertatu eta justifikatuko da. Plangintza horrek lehentasuna emanen dio etxebizitza hutsak erabiltzeari, etxebizitza hutsen errolda burutuz eta neurri fiskal berriak aktibatuz; horrez gain, aztertuko du jarduerek nolako eragina duten lurralde-orekan eta despopulazioan, eta helburu gisa izanen du susta dadila kontsumo eta bizi-ohitura jasangarriak bultzatuko dituen hirigintza-eredu soziala”.
Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak 2018ko Etxebizitzari buruzko Legea balioesten du, etxebizitza duina izateko eskubidea “elementu subjektibotzat” jasotzen baitu, baina era berean, “oraindik ere zenbait urrats egin behar” direla adierazten du, “krisi ekonomikoaren aurreko eredu espekulatiboa gainditzeko”. Oroitarazten denez, “etxebizitzen alokairu babestua pribatizatzeko aurreko ereduaren ondorioz, kalifikazio-aldi jakin bat iragan ondoren, etxebizitzak merkatu librera ateratzen ziren haietan maizter zeuden familiak babesik gabe utzita”.
Eredu horren parean, “Navarra Sozial Housing alokairu-plan publikoko sustapenek” izan duten “arrakasta” azpimarratzen da, “500 etxebizitza sustatu dira, eta horietatik ia 200 dagoeneko amaituta daude– alokairu eskuragarriaren eskaerari erantzuteko, babestutako alokairua sustatzeko eredua errotik aldatuta”.
Pablo Azcona (Geroa Bai) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira Luis Sánchez de Muniáin, Miguel Bujanda, Jorge Esparza, Marta Álvarez, Patxi Pérez, Elena Llorente (Navarra Suma), Arantza Biurrun, Ainhoa Unzu, Virginia Magdaleno (PSN), Mikel Asiain (Geroa Bai), Laura Aznal, Patricia Perales (EH Bildu) eta Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu).
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (84. NPAO, 2021-06-22koa)