Nafarroako Gobernua premiatzen da anbulantziazko osasun-garraioa probintzia arteko lekualdatzeetarako erabiltzeari buruzko jarraibidea alda dezan
Helburua da, kasuaren balorazio medikoa egin ondoren, Foru Erkidegotik kanpo dauden eta Nafarroara itzuli nahi duten pazienteei aukera ematea laguntza-anbulantzia batean lekualdatzeko
Osasun Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernuko Osasun Batzordea premiatzen baita “probintzia arteko lekualdaketetarako anbulantziazko osasun garraioa erabiltzeari buruzko jarraibidea alda dezan, kasuaren balorazio medikoa egin ondoren, aukera egon dadin laguntza-anbulantzia batean lekualdatzeko gure Foru Erkidegotik kanpo dauden eta Nafarroara itzuli nahi duten pazienteak”.
Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak sustatu duen ebazpenaren helburua da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren zuzendari kudeatzailearen ekainaren 1eko 9/2023 Jarraibidea aldatzea, Foru Komunitatean anbulantziazko osasun garraioa probintzia arteko lekualdaketetarako erabiltzeari dagokionez jarduteko gidalerroak ezartzen dituena. Izan ere, kasu zehatz batzuetan gerta daiteke pazientea egonkor egotea eta lekualdaketak haren osasunerako arriskurik ez izatea, baina hartutako sekuelen ondorioz laguntza-anbulantzia bat behar izatea pazientea etxera edo gure Foru Komunitateko beste zentro sanitario batera lekualdatzeko.
Azaltzen denez, jarraibide horren arabera, Nafarroara lekualdatzea bakarrik baimenduko da pazientea klinikoki egonkor badago, ospitaleratzea eragin zuen egoera gainditu bada eta lekualdatzeak ez badu arriskuan jartzen haren osasuna; era berean, azaltzen da lekualdatze-mota horiek laguntzarik gabeko anbulantzia batean eginen direla nahitaez.
Mikel Asiáin (Geroa Bai) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira Leticia San Martín, Cristina López , Ángel Ansa, Raquel Garbayo (UPN), Maite Esporrín, Kevin Lucero, Arantza Biurrun (PSN), Txomin González, Sebe Txoperena (EH Bildu), María Solana (Geroa Bai), Daniel López (Contigo-Zurekin) eta Maite Nosti (Vox).
* PPN talde parlamentariak ez du bilkuran parte hartu.
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (40. NPAO, 2023-11-28koa)