Noiz argitaratua Asteazkena, 2019.eko Martxoak 20

Nafarroako Gobernua premiatzen da apustu egin dezan bosgarren belaunaldiko telefonia Nafarroara laster hel dadin

Edozein lurralde epe motzean eta ertainean lehiakorra izan dadin ezinbestekoak diren digitalizazioaren eta adimen artifizialaren gakoak biltzen dituela argudiatzen da

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “apustu sendoa egin dezan bosgarren belaunaldiko telefonia Nafarroara laster hel dadin; hartara, asmotan hartuko da hura garatzea Banda Zabala lurralde osoan hedatzen ari den modu berean: transbertsalki, plan estrategikoetan kontuan hartuz eta zeresana duten eragile nagusiekiko harremana ezarriz”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen dio “telekomunikazio arloko hurrengo lizitazioetan jaso dezan hartzailearen konpromisoa, Nafarroako lurraldean 5G teknologia ezartzekoa, epeak eta estaldura zehaztuta”. Atal hau Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen eta I-Eren abstentzioekin onetsi da.

 

Azkenik, Nafarroako Gobernua premiatzen da “5G ekartzeari buruzko informazio, sustapen eta babes ekintzak egin ditzan inplikatuta dauden guztiekin, Nafarroa teknologia horretan aitzindari izan dadin eta erakargarriak izan gaitezen teknologia laster heltzeari begira, Foru Komunitatearen industria-, hezkuntza- eta teknologia-posizionamenduaren mesedetan”.

 

Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak inpaktu ekonomikoa aipatzen du, 2025era bitarte 14.000 milioi eurokoa izan daitekena, baita hiperkonektibitatea ere, Nafarroako Gobernua premiatzeko 5G Nafarroara hel dadin, bere orografia eta populazio-banaketa arazo bat izan ez dadila ekiditeko, Madril, Sevilla, Malaga, Bilbo, Valentzia eta Bartzelonan hasi diren prozesuan Nafarroa ere sar dadin.

 

Testuinguru horretan, 5G konektibitateak dituen onurak azpimarratzen dira, “ahalbidetuko baitu latentzia –gailuen arteko erantzun-denbora– muturreraino murriztea, zeina funtsezkoa den ibilgailu autonomoaren kudeaketaz, gauzen Interneten hedapenaz, telemedikuntzaren erabileraren normalizazioaz, enpresak robotizazioan murgiltzeaz eta 4.0az ari garenean, albo batera utzita non dauden edo zerbitzua non ematen duten”.

 

Horiek dira, finean, “digitalizazioaren eta adimen artifizialaren gakoak, edozein lurralde epe motzean eta ertainean lehiakorra izanen bada. Kanpoan gelditzeak industria, turismo, osasungintza eta gizarte esparruan galera izugarriak sor litzake”.

 

Pachi Irízar (UPN) batzordeburu eduki duen saioan izan dira Begoña Ganuza, Maribel García Malo, Carmen Segura (UPN), Virginia Alemán, Jokin Castiella, Patxi Leuza (Geroa Bai), Arantxa Izurdiaga, Adolfo Araiz (EH Bildu), Rubén Velasco, Carlos Couso (Podemos-Ahal Dugu), Guzmán Garmendia, Inma Jurío (PSN), Ana Beltrán (PPN) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).