Nafarroako Gobernua premiatzen da Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurka borrokatzeko Plana Nafarroako Parlamentuari igor diezaion
Nafarroako gizartea aniztasunetik eta erkidegoan bizi diren guztien parte-hartzearekin, edozein dela ere haien jatorria, eraikitzearen alde egiten du Ganberak
Migrazio Politiketako eta Justiziako batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren, Geroa Bairen eta EH Bilduren aldeko botoekin eta PSN eta Podemos-Ahal Duguren aurkako botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Nafarroako Parlamentuari igor diezaion Nafarroan Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurka borrokatzeko 2021-2026 aldirako Plan, Legebiltzarrak bere jarrera azaltzeko eskatuta, Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren 202. artikuluan xedatuari jarraikiz”.
Zioen azalpenean, EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkezturiko ebazpenak “aniztasunean oinarritutako bizikidetza bultzatu, sustatu eta bermatzea” defendatzen du “giltzarri” gisa, erakunde, eragile eta kolektibo sozial guztien inplikazioa eskatuz.
Ildo horretan, “Nafarroako gizartea aniztasunetik abiatuta eta erkidegoan bizi diren guztien parte-hartzearekin” eraikitzearen beharra azpimarratzen du, “edozein dela ere haien jatorria”.
Era berean, ebazpena sustatu duten taldeek agerian uzten dituzte arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako borrokan diharduten kolektiboen “kritikak, hobetzeko aukerak eta planaren edukia aberasteko eta zabaltzeko duten interesa”. Horregatik, beharrezkotzat jotzen da “Parlamentu honetan planaren eztabaida sustatzea, talde parlamentario eta gizarte-entitate guztiei ekarpenak egiteko aukera emanez, edukia aberasteko”.
Bilkura Arantza Biurrunek zuzendu du (PSN), eta bertan izan dira Alberto Bonilla, Javier García, Jorge Esparza, Maribel García Malo, Isabel Olave, Marta Álvarez (Navarra Suma), Carlos Mena, Virginia Magdaleno PSN), Isabel Aranburu, Blanca Regúlez (Geroa Bai), Maiorga Ramírez, Patricia Perales (EH Bildu) eta Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu).
Mozioa (18. NPAO, 2022-02-11koa)