Nafarroako Gobernua premiatzen da azter dezan zenbait herritan trafikoaren abiadura moteltzeko elementuak paratzearen problematika
Zenbait herritako zeharbideetatik zirkulatzen duten ibilgailu batzuen gehiegizko abiaduraz ohartarazten da eta araudia gaurkotu dadin eskatzen da
Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “aipatu arazoa azter dezan eta neurriak susta ditzan, egokituak gure biztanlegune askoren errealitateari –espaloirik gabeko zeharbideak, %5etik gorako maldak eta bihurgune ugari–, horietatik zirkulatzen duten ibilgailuen abiaduraren moteltzea areagotzeko”.
Bigarren atalean, Foru Gobernuari eskatzen zaio “bere araudia gaurkotzeko eta, kasua bada, Estatuaren Errepide-sare Orokorrerako ezarritako neurriak jasotzeko aukera azter dezan”.
Zioen azalpenean, UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN, PPN eta I-Ek aurkeztutako ebazpenak NUKFeko lehendakariarekin eta udalerri desberdinetako ordezkariekin ospatu zen lan bilkura bat aipatzen du, non euren “kezka azaldu zuten Foru Administrazioak abiadura moteltzeko elementuak baimentzeko ezartzen dizkien zailtasunengatik”, eta hori dela eta, 787/2001 Foru Agindua berrikustea eskatu zuten, “ezartzeko zaila delako”, edo Estatuko araudiarekiko egokitzapena, “berriagoa eta egokiagoa baita”.
Sustatzaileek diote “zeharbideetatik gehiegizko abiaduran zirkulatzen duten ibilgailuak arriskutsuak direla oinezkoen segurtasunerako”, eta hori dela eta, ibilgailuen trafikoa moteltzeko neurriak eskatzen dituzte; “hain zuzen ere, asto-bizkarrak, merkeak eta mantentze-lan gutxikoak”.
-
Mozioa (84. NPAO, 2018-06-15ekoa)