Nafarroako Gobernua premiatzen da behar bereziak dituzten ikasleen begirale kolektiboaren lan baldintza duinak bermatu ditzan
Lan honen “inplikazio emozionala eta erantzukizunaren gradua” eta egungo araudiak ezartzen dizkien funtzioak betetzeko ezintasuna azpimarratzen dira
Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN, Geroa Bai eta PPNren abstentzioekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “abuztuaren 20ko 2109/2012 indargabetu dezan. Haren bidez, lanaldiaren berariazko banaketa baimendu zitzaien Hezkuntza Departamentuari atxikitako begirale, fisioterapeuta eta OLT-EUD lanpostuetan aritzen diren eta irakasle ez diren langileei”.
Gainera, Nafarroako Gobernua premiatzen du “beste ebazpen bat aurkez dezan, honako hauek arautzeko: lanaldi bat, eguneko 8 ordukoa, gehienez ere; eguneroko atsedenaldi bat, 30 minutukoa, langileen atsedenerako; ikasleendako zuzeneko arreta murriztea eskola-orduetan eta koordinazioko zereginetarako eta ikaslearen jarraipenerako denbora ematea”.
Zioen azalpenean, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN eta I-Ek aurkeztutako ebazpenak azpimarratzen du “hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei zuzeneko arreta emateak erantzukizun handia duela”, eta esaten du egungo lan baldintzekin “oso zaila dela kalitatezko arreta bat bermatzea”.
Hori dela eta, nabarmentzen da “horrelako baldintzetan ezin dela bete irailaren 4ko 455/2013 Ebazpena, Nafarroako ikastetxe publikoetako begiraleen lan jarduketak arautzen dituena”, eta kolektibo honentzako lan baldintza “duinagoak” aldarrikatzen dituzte, kolektibo oso feminizatua baita, gehienetan aldi baterako kontratuekin lan egiten duena.
Unai Hualde batzordeburu izanik (Geroa Bai), bertaratu diren parlamentariak izan dira Carlos García Adanero, Begoña Ganuza, Luis Casado, Pachi Irizar (UPN), Jokin Castiella, Patxi Leuza (Geroa Bai), Adolfo Araiz, Arantxa Izurdiaga (EH Bildu), Carlos Couso, Rubén Velasco (Podemos-Ahal Dugu), Inma Jurío, Conchi Ruiz (PSN), Javier García (PPN) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).