Noiz argitaratua Ostirala, 2020.eko Otsailak 28

Nafarroako Gobernua premiatzen da behar diren bitartekoak jar ditzan ikastetxe erlijiosoetan gertatutako abusuak argitzeko

Gertatutako guztia aitortzeko eta biktimek erreparazioa jasoko dutela eta ez dela berriro halakorik gertatuko bermatzeko

Migrazio Politiketako eta Justiziako Batzordeak gaur aho batez onetsi duen ebazpen batek Nafarroako Gobernua premiatzen du “behar diren bitartekoak jar ditzan Nafarroako ikastetxe erlijiosoetan gertatutakoak eta abusuak pairatu dituzten haurren elkarteak salatutakoak ezagutu eta argitzeko”.

 

Onetsitako ebazpenaren bigarren puntuan, Nafarroako Parlamentuak foru gobernuari eskatzen dio “egokitzat jotzen duen prozedura antola dezala, kaltetutako pertsonek horrelako egitateak azaldu eta salatu ahal izan ditzaten”.

 

Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak sustatu du ebazpena. Zioen azalpenak dioenez, “egitate horiek argitu eta epaitzeko legezko bide egokietara jotzeaz gain, beharrezkoa da ikerketa bati ekitea” gertatutako guztia aitortzeko, biktimentzako erreparazioaren eta halakorik berriro ez gertatzearen berme gisara.

 

Proposatzaileak salatzen duenez, “delituzko egitate horiek frankismoaren garaian burutu ziren, halako errepresio egoeran non abusuak ezkutatu egin baitziren”, eta haiek jasan zituzten haurrek, hertsapenaz gainera, “zapalduak izatearen oinaze erantsia ere pairatu zuten”.

 

Nuria Medinak (PSN talde parlamentarioa) bilkuraren buru egin du, eta hauek bertaratu dira: Marta Álvarez, Ángel Ansa, Jorge Esparza, Isabel García Malo, Alberto Bonilla (Navarra Suma talde parlamentarioa), Inma Jurío, Carlos Mena (PSN talde parlamentarioa), Jabi Arakama, Blanca Regúlez (Geroa Bai talde parlamentarioa), Patricia Perales, Bakartxo Ruiz (EH Bildu talde parlamentarioa), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkartea) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra talde mistoa).

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

•Mozioa (9. NPAO, 2020-01-24koa)