Nafarroako Gobernua premiatzen da beharrezkoak diren baliabide guztiak jar ditzan COVID-19aren aurkako txertaketa bermatzeko
Talde-inmunitatea lortzeko pandemiaren kontrol epidemiologikorako estrategia globala eskatzeko Legebiltzarrak ez du akordiorik lortu
Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren, PSNren, Geroa Bairen eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin eta EH Bilduren eta I-Eren abstentzioekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “beharrezkoak diren baliabide guztiak jar ditzan eta ahalik eta denbora laburrenean ahalik eta pertsona gehienei bermatu diezaien COVIDaren aurkako txertoa, txertatu beharreko taldeak lehenesteko irizpide egokiekin, eta, betiere, irizpide horiek eta taldeen definizioa publiko eginez”.
Mozioa osatzen zuten gainerako hiru atalak baztertu egin dira EH Bilduren abstentzioarekin eta PSNren, Geroa Bairen, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoekin.
Bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen zitzaion “berriro zehaztu dezan test-estrategia bat, COVID-19aren kasuen behar bezalako detekzio goiztiarra eta trazabilitatea bermatze aldera”.
Era berean, Nafarroako Gobernuari eskatzen zitzaion “ahalik eta lasterren ezar dezan Nafarroako lurralde osoan COVIDa hondakin-uretan detektatzeko programa bat”.
Azkenik, Foru Gobernua premiatzen zen “gardentasun-atarian berehala eta egunero publiko egin ditzan Nafarroako Gobernuak erabiltzen duen semaforoaren ibilbide-orria baldintzatzen duten eta pandemia kontrolatzeko ezartzen diren neurriak baldintzatzen dituzten adierazle guztien datuak”.
EH Bilduk 1. puntua aldatzeko zuzenketa bat aurkeztu du, Navarra Sumak, ekimenaren titularrak onartu ez duena, eta Gobernua premiatzen zuen “beharrezkoak diren baliabide guztiak jar ditzan, bermatze aldera ahalik eta denbora laburrenean ahalik eta pertsona gehienei jartzea COVIDaren aurkako txertoa, txertatu beharreko taldeak lehenesteko irizpideak errespetatuta eta astero informatuz zenbat txerto-dosi jaso den, zenbat jarri den eta zein populazio-talderi zuzendu zaien”.
PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek sinatu duten ordezteko zuzenketarekin gauza bera gertatu da. Nafarroako Gobernuari eskatzen zitzaion “Nafarroako lurralde osoan COVIDa hondakin-uretan detektatzeko programa bat ezar dezan, planaren arduradunen irizpide teknikoen arabera”.
Bestetik, Foru Gobernua premiatzen zen “gardentasun-atarian publiko egin ditzan Nafarroako Gobernuak erabiltzen duen semaforoaren ibilbide-orrian esku-hartzen duten eta pandemia kontrolatzeko ezartzen diren neurriak baldintzatzen dituzten adierazle guztien datuak. Datu horiek behar maiztasunarekin argitaratuko dira, Nafarroako herritarrek ezagutu ditzaten erabakiak hartzeko oinarri gisa hartzen diren datu eta adierazleak”.
Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioaren ebazpenak dio COVID-19aren pandemiaren ondoriozkoa den krisiaren kudeaketa “Nafarroako gizartearen eremu guztiak baldintzatzen” ari dela.
Hori dela eta, “birusak Nafarroan izan dezakeen inpaktu negatibo sanitario, sozial eta ekonomikoa minimizatzeko, pandemiaren kontrol epidemiologikorako estrategia globala indartzea” eskatzen da, besteak beste, “txertoaren benetako eskuragarritasunarekin eta talde-immunitatea lortzeko erritmoan oinarrituta”.
“Andui berriek eragindako ziurgabetasuna” eta Europako beste herrialde batzuetan eta Espainiako beste eskualde batzuetan intzidentziak gora egin izana oroitarazi ondoren, nabarmentzen da Nafarroak oraindik ez duela lortu % 4tik beherako positibotasun-tasari eusteko helburua.
Horregatik guztiagatik eta krisi honen amaierara ikusteko “benetako itxaropena” delakoan, “errekorreko denboran txertoak garatzea eta ekoiztea eta txertoak jartzen hastea” eskatzen da.
-
Mozioa (4. NPAO, 2021-01-19koa)