Noiz argitaratua Asteazkena, 2022.eko Azaroak 23

Nafarroako Gobernua premiatzen da beka ditzan garraiatutako eta sozioekonomikoki egoera ahulean dauden ikasleak, edozein dela ere haien jardunaldia

Ganberak eskatu du jantokirako laguntzak emateko irizpide gisa erabil dadin familien egoera sozioekonomikoa, sare publikoan edo itunduan eskolatuta dauden kontuan hartu gabe

Hezkuntza Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren, Geroa Bairen eta EH Bilduren aldeko botoekin eta PSNren, Podemos-Ahal Duguren eta Izquierda-Ezkerraren aurkakoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita, Hezkuntza Departamentuaren bidez, “maiatzaren 11ko 186/1993 Foru Agindua alda dezan, eskola-egun guztietan bekatze aldera garraiatutako eta sozioekonomikoki egoera ahulean dauden ikasleak, edozein dela ere haien jardunaldia, jarraitua edo zatitua”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Nafarroako Gobernua premiatzen du “jantokirako laguntzak emateko irizpide gisa erabil dezan familien egoera sozioekonomikoa, ikasleak sare publikoan edo itunduan eskolatuta dauden kontuan hartu gabe”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak maiatzaren 11ko 186/1993 Foru Agindua aldatzearen alde egiten du, jantokirako laguntzak eskola-egun guztietara heda daitezen, jardunaldia jarraitua edo partziala dela ere, aurreko ikasturtean covid-19aren pandemiaren ondorioz egin zen bezala. Arauak jasotzen duenez, eskola-jantokiko zerbitzuak lanaldi zatituko egunetan bakarrik funtzionatzen du ofizialki, eta, ondorioz, ez ditu barne hartzen arratsaldeko eskola-ordurik ez duten hilabeteak (iraila eta ekaina), ezta asteazkenak ere.

 

Proposamena egin duenak gehitzen duenez, “hainbat krisi globalen ondorioz egoera bereziki ahulean jarraitzen dugun arren”, Nafarroako Gobernuak zenbatekoak murriztu ditu 2021-2022 ikasturtearekin alderatuta, eskola-jantokia 4,45 euro/eguneko diruz laguntzetik (ekaina/iraila eta asteazkena barne) 4 euro/eguneko dirulaguntzara igaro baita, aldi horiek kontuan hartu gabe.

 

Era berean, ikastetxe itunduetan jantoki-zerbitzura bideratutako laguntzen zenbatekoei buruzko “opakutasuna” kritikatu ondoren, eta itunpeko irakaskuntzaren alde egin duten familia zaurgarrientzako bekak “nabarmen txikiagoak” izan direla gaineratu ondoren, proposamena egin duenak beharrezkotzat jotzen du eskola-jantokirako laguntza ikasleen egoera sozioekonomikoaren arabera egokitzea, “hezkuntza-aukera askearen erabilera baldintza dezakeen desberdintasun arbitrario hori arintzeko”.

 

Patricia Fanlo (PSN) buru izan duen bilkuran parte hartu duten parlamentariak izan dira Pedro González, Iñaki Iriarte, Javier García, Raquel Garbayo, Elena Llorente, Isabel Olave (Navarra Suma), Jorge Aguirre, Inma Jurío (PSN), María Solana, Jabi Arakama (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz, Arantxa Izurdiaga (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).

 

www.parlamentodenavarra.es

• Mozioa (128. NPAO, 2022-11-10ekoa)