Nafarroako Gobernua premiatzen da bi biribilgune egin ditzan N-134an, Azagran
Departamentuak egin nahi duen saihesbidearen proiektuaren alternatiba gisa, zeina geldituta baitago nahikoa funts ez dagoelako
Lurralde Kohesiorako batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentua premiatzen baita “premiaz diseina dezan San Adriandik, N-134 errepidetik, herrira sartzeko biribilgunea eraikitzeko proiektua”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen dio “Azagrako Udalarekin lankidetza-akordio bat adostu dezan, N-134 errepidearen segurtasun-hobekuntza finantzatzeko, herritik igarotzen den tartean. Horretarako, bi biribilgune eraikiko dira: Milagrorako irteerako biribilgunea eta San Adrianera sartzeko biribilgunea”.
Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak bi biribilgune eraiki daitezen defendatzen du N-134an, Azagran – Milagrorako irteeran eta San Adrianerako sarreran-, izan ere, Departamentuak egin nahi duen Azagrako saihesbidearen proiektua geldituta dago “jarduketa berriei ekiteko nahikoa funts ez dagoelako”. Azaltzen denez, Lurralde Kohesiorako Departamentuak, berriki, herriko udalarekin bide-segurtasuneko arazoak konpontzeko akordio batera iristeko aukera baztertu zuen.
Ildo horretan, Udalak eta Arartekoak esandakoarekin bat eginez, irtenbideak eskatzen dira, izan ere, Azagrako herrigunea bitan zatitzen duen eta kilometro eta erdian zeharkatzen duen bide honetatik 5.500 ibilgailu baino gehiago ibiltzen dira egunero, abiadura handian asko, eta horietako asko tonaje handikoak dira. Egoera hori larriagotu egiten da inguruan bi ikastetxe daudelako (ikastetxe publikoa eta institutua).
Honengatik guztiagatik, segurtasuna hobetzeko, ibilgailuen abiadura murrizteko eta herriko eta industrialdeetako sarbideak errazteko neurriak har daitezen eskatzen da.
Virginia Magdaleno (PSN) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira Javier García, Marta Álvarez, María Jesús Valdemoros, Maribel García Malo, Elena Llorente, Yolanda Ibáñez (G.P. Navarra Suma), Ainhoa Unzu (G.P. PSN), Mikel Asiain, Isabel Aranburu (G.P. Geroa Bai), Arantxa Izurdiaga, Laura Aznal (G.P. EH Bildu) y Marisa de Simón (G-Mixto Izquierda-Ezkerrra).
* Podemos-Ahal Duguk ez du bilkuran parte hartu.
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (55. NPAO, 2021-04-30ekoa)