Nafarroako Gobernua premiatzen da bi hilabeteko epean neurri sorta bat abian jar dezan laneko eta familiako bizitzen uztartzea ziurtatzeko
Osoko Bilkurak onetsia. 2020ko irailaren 17an
1.- Nafarroako Gobernua premiatzen da gehienez ere bi hilabeteko epean neurri sorta bat prestatu eta abian jar dezan, pandemiak irauten duen bitartean laneko eta familiako bizitzen uztartzea ziurtatzeko. Neurri horien artean ondokoak jasoko dira:
2.- Eragile sozioekonomikoekin plan urgente bat taxutu eta adostea enpresetan malgutasun-neurriak ezartzeko, halako moduan non gurasoek lana eta zaintza bateragarri egin ahal izanen baitituzte krisi sanitario honetan.
3.- Toki eta gizarte entitateentzako finantzaketa-formulak taxutzea, hezkuntza ez-formaleko erkidego-programak ezartzeko eta aisia-jarduerak eskaintzeko, segurtasun sanitarioko neurriak beteta, ikasturtean zehar kontziliazioa errazteko xedez.
4.- Lehenbailehen mahai bat sortzea, ondokoen parte-hartzea izanen duena: Nafarroako Berdintasunerako Institutua, alderdi politiko, sindikatu eta mugimendu feministaren ordezkariak, emakumeen elkarteak, familia mota desberdinen elkarteak, gurasoen elkarteak, zainketa sareak, arreta prebentiboko zerbitzuak eta elkargo profesionalak. Mahaiaren xedea izanen da pandemian zehar sortzen diren kontziliazio arazo berariazkoak identifikatu eta aztertzea.
5.- 12 urtetik beherakoak, adinekoak edo/eta mendetasun- edo desgaitasun-egoeran daudenak zaintzeko laguntza ekonomikoko programa bat sortzea, errentaren arabera, baldin eta egiaztatzen bada ezin dela beste bateratze-neurririk hartu. Nafarroako Gobernuak ahalik eta lasterren arautuko ditu eskaerak egiteko eta ebazteko baldintzak, errenta-tarteak, zenbatekoa eta prozedura.
EH Bildu talde parlamentariak aurkeztua.
1. puntua Navarra Suma eta EH Bilduren aldeko botoekin, I-Eren abstentzioarekin eta PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguren aurkako botoekin onetsi da.
2. eta 3. puntuak aho batez onetsi dira.
4. eta 5. puntuen alde bozkatu dute Navarra Suma eta EH Bilduk eta aurka PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek.