Nafarroako Gobernua premiatzen da datu demografikoek hezkuntzako ratioetan duten eraginari buruzko azterlana aurkez dezan
Hamar urterako plangintza estrategiko bat eskatzen da, joera demografikoaren arabera sistemaren kalitatea hobetzeko azterketa zorrotz eta parte-hartzaile batetik abiatuta
Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur UPNren, EH Bilduren, PPNren eta Voxen aldeko botoekin eta PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinen abstentzioekin, zeinaren bidez Hezkuntza Departamentua premiatzen baita “2023-2024 ikasturteko lehen hiruhilekoa bukatu aitzin aurkez dezan Legebiltzarrean datozen urteetarako proiekzioari eta egoerari azterlan osoa, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko 35/2022 Foru Legean 25.000 euroko aurrekontu-lerro bat jaso zen, "Datu demografikoei eta horiek hezkuntza sisteman eta ratioetan duten eraginari buruzko azterlanak" izenekotik heldu dena”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean eskatzen du, “behin azterlan hori aurkeztuta, azterlanean jasotzen diren datuen gaineko ekarpenak egiteko aldi bat abiaraz dadin, foru-erkidegoko hezkuntza-arloko sektoreen arteko eztabaida eta parte-hartzea ahalbidetuko duena”.
Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak azaltzen du azken hamarkadan eskola-adineko biztanle kopuruak behera egin duela nabarmen, ikasleen kopurua % 30 jaitsi baita. Era berean, adierazten du irakasleen kopurua igo egin dela Nafarroako hezkuntza-sistemako etapa guztietan –2.000 irakasle baino gehiagoko kopuruan igo ere. Hori dela eta, plangintza estrategiko bat eskatzen du, seme-alabentzat nahi den hezkuntza hautatzeko askatasuna errespetatuz, hezkuntza-sistemaren kalitatea hobetzeko, besteak beste, ratioak murriztuz.
Horretarako, joera demografikoa dela eta hezkuntza-sistemak behar duen egokitzapen-lanari ekiteko, azterlan bat eskatzen da, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko 35/2022 Foru Legean jasotako azterlanak eskainitako datuetan oinarrituta.
Nolanahi ere, eta "konplexua" bada ere, egoeraren ebaluazioak kontuan hartu beharko ditu lehen mailako zerbitzu publiko bati lotutako "hezkuntza-, gizarte- eta lan-osagai" guztiak, hain zuzen ere “horregatik behar da hamar urterako plangintza orokorra".
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (13. NPAO, 2023-09-26koa)