Noiz argitaratua Asteazkena, 2020.eko Irailak 16

Nafarroako Gobernua premiatzen da ebalua ditzan COVID-19aren pandemia dela-eta errehabilitazioko terapiarik jaso gabe hilabeteak daramatzaten neska-mutiko nafar desgaituen ahalmen funtzionala eta narriadura-egoera

Legebiltzarrak Gobernuari eskatu dio errehabilitazioak berriz has ditzan kolektibo horretan ohiko errehabilitazio-modalitatearen edo etxez etxeko errehabilitazioaren bidez

Osasun Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “albait lasterren ebalua ditzan COVID-19aren pandemia dela-eta errehabilitazioko terapiarik jaso gabe hilabeteak daramatzaten neska-mutiko nafar desgaituen ahalmen funtzionala eta narriadura-egoera”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Nafarroako Gobernuari eskatzen dio “errehabilitazioak berriz has ditzan kolektibo horretan –arrisku handieneko kasuetan, berehala–, ohiko errehabilitazio-modalitatearen edo etxez etxeko errehabilitazioaren bidez”.

 

Era berean, hirugarren atalean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “hartu beharreko neurriak har ditzan, pandemiak dirauen bitartean ez jartzeko berriz ere arriskuan desgaitasuna duten neska-mutikoen errehabilitazio-terapiak”.

 

Azkenik, Nafarroako Gobernua premiatzen da “berehala presta dezan Osasun eta Hezkuntza departamentuen arteko protokolo bat, mediku-irizpidearen arabera eskolako opor sasoian eten ezin diren errehabilitazio-terapiak egiten jarraituko dela bermatuko duena”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak salatzen du errehabilitaziorik gabeko hilabete hauek “narriadura nabarmena” ekarri duela desgaitasuna duten neska-mutiko askoren kasuan, eta “haiek eta haien familiek, ondorioz, autonomia eta bizi-kalitatea galdu dituztela”.

 

2016ko abuztuan onetsitako haurren hartutako kalte zerebralari buruzko dokumentua aipatzen du sustatzaileak, non adierazten baita “opor sasoian tratamenduen aplikazioa mantendu behar dela, sendagileak ematen duen aginduaren arabera”. Hori dela eta, martxoan pandemiaren ondorioz etendako terapiak oraindik ere etenda daudela salatu du.

 

Nuria Medina (PSN) buru izan duen saioan egon dira Marta Álvarez, Ángel Ansa, Yolanda Ibáñez, Raquel Garbayo, Cristina Ibarrola eta Patxi Pérez (Navarra Suma), Patricia Fanlo, Ainhoa Unzu (PSN), Ana Ansa, Isabel Aramburu (Geroa Bai), Txomin González, Bakartxo Ruiz (EH Bildu) eta Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu).