Nafarroako Gobernua premiatzen da egin beharreko zuzemenak egin ditzan Estatuko Gobernuak Bankiaren eta Caixabanken bat-egitearen eragin negatiboa minimiza dezan
Finantza-sektorean "inoiz egin den enplegu erregulazioko espedienterik handienetakoaren" ondorioak arintzeko Espainiako Gobernuari esku hartzeko deia egin dio Legebiltzarrak
Parlamentuaren Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “egin beharreko zuzemenak egin ditzan Estatuko Gobernuaren aitzinean –harena baita Caixabank berriaren % 16,11–, neurri zehatzak hartzeko Bankiaren eta Caixabanken bat-egiteak enpleguan, bulego-kopuruan eta Caixabankek lortuko dituen kreditu fiskalek Foru Ogasunean eraginen duten diru-bilketa murritzagoan duen eragin negatiboa minimizatze aldera”.
Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako ebazpena 2008ko krisi ekonomikoari buruz mintzatzen da, “1929ko crackaz geroztiko krisi ekonomikorik larrienetakoari” buruz, eta zalantzan jartzen ditu “produktibitate eta lehiakortasun handiagoa lortze aldera sektorea egituratzearen aitzakian” egin ziren kasuko lege-aldaketak. Adierazten duenez, aurrezki kutxak banketxe bihurtzera derrigortzeak, bat-egiteak eta xurgapenak ekarri zituen eta horrek eragin zuzena izan zuen gizartean, zerbitzu-eskaintza murriztuz.
Hala, "bulegoen galera, autozerbitzuaren sustapena eta mota guztietako komisioen areagotzea" salatu ondoren, ekimenaren sustatzaileak barmentzen du Nafarroako Kutxak Banca Cívicaren sorreran izan duen parte-hartzea, geroago Caixabankek xurgatu duena. Gainera, aipatzen du Caixabankek eta Bankiarekin bat egin duela berriki, erreskatatutako entitateetako batekin, “altxor publikoak 60.000 milioi eurotik gora jarri zituen horretarako guztirako, eta 4.000 baino ez dira berreskuratu”.
Nafarroako gizartearen erreferentziazko entitatea desagertu zela azpimarratu ostean, ohartarazten da Caixabank eta Bankiaren bat-egite honek “Espainiako finantza-sektorean inoiz egin den enplegu erregulazioko espedienterik handienetako bat” ekarri duela, eta honek 8.291 langileri eraginen diela, horietako 66 Nafarroan, eta 1.534 bulego itxiko direla.
Horren guztiaren ondorioz, Espainiako Gobernuaren esku-hartzea eskatzen da Caixabank eta Bankiaren arteko batasunaren ondorio zuzenak arintzeko.
-
Mozioa (67. NPAO, 2021-05-21ekoa)