Nafarroako Gobernua premiatzen da egungo landa-eskolaren egoera berariaz aztertzeko mahai bat bultza dezan
Txosten berri bat eskatzen da herrien egungo behar eta eskariekin eta hauei erantzuteko hartu beharreko neurrien egutegiarekin
Hezkuntza Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur —UPN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN eta Contigo-Zurekin taldeen aldeko botoekin, Talde Mistoaren abstentzioarekin eta PSNren aurkako botoarekin—, eta haren bitartez Nafarroako Gobernua premiatzen da “landa-eskolaren egungo egoerari buruzko berariaz aztertzeko mahai bat bultza dezan, Hezkuntza Departamentuak, "Landa Eskolen Sareak" eta hainbat gizarte-eragileren ordezkariek osatua, hala nola Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak, Gu Pirinioa elkarteak eta Cederna Garalur-ek, besteak beste”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Exekutiboari eskatzen dio “txosten berri bat egin dezan Landa Eskolen Sareak gaur egun dituen behar eta eskariekin eta etorkizuneko perspektibekin”.
Horrez gain, Gobernuari exijitzen zaio “herrien eskaerei erantzuteko hartu beharreko neurrien egutegia egin dezan”.
Bestetik, laugarren atalean, Foru Gobernua premiatzen da “despopulazio-arriskuan dauden herrien hezkuntza-arloko dirulaguntzak eskuratzen lagundu dezan, azpiegitura horiek hobetzeko. Neurri espezifikoa izanen da, hala badagokio, dirulaguntzak jasotzeko oinarriak aldatzea”.
EH Bilduk gehitzeko zuzenketa bat aurkeztu du, Geroa Bai ekimenaren titularrak onartu ez duena, eta asmoa zuen Nafarroako Gobernua premiatzea “despopulatzearen aurkako eta landa garapenerako foru-legearen aurreproiektua 2026ko lehen seihilekoan onestera, NUKFk egindako parte hartzeko prozesuaren ondorioak aintzat hartuta, haren zeharkako izaera bermatuta eta Nafarroako landa-eskolen beharrak asetzeko berariazko neurriak espresuki sartuta".
Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak bultzaturiko ebazpenak toki-erakundeekin lan-mahai bat eratzeko premia defendatzen du, “premiaz” heltzeko eskolek dituzten beharrei, besteak beste garraioa, jantokiak hobetzea, ikastetxeak berritzeko laguntzak handitzea, dirulaguntza horietarako sarbidea hobetzea edo eskolaz kanpoko jardueretarako sarbidea hobetzea.
Ildo horretan, eta hezkuntza “biztanleria landa-inguruneetan finkatzeko eraginkortasunez eta kalitatez bete behar den premia bat” dela azpimarratu ostean, landa-eremuaren kalterako gertatzen ari den “diskriminazioari” aurre egiteko deia egiten da, bailara edo lurralde-eremu bakoitzaren berariazko premiak aintzat hartuz.
Bilkuraren buru Carlos Mena (PSN talde parlamentarioa) izan da, eta bertan parte hartu dute, orobat, honako hauek: Pedro González, Isabel Olave, Javier Trigo, Raquel Garbayo (UPN talde parlamentarioa), Olga Chueca, Ibai Crespo (PSN talde parlamentarioa), Eneka Maiz, Oihana Gallo (EH Bildu talde parlamentarioa), Itxaso Soto, Isabel Aranburu (Geroa Bai talde parlamentarioa), Javier García (PPN talde parlamentarioa), Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin talde parlamentarioa) eta Emilio Jiménez (Talde Mistoa).
- www.parlamentodenavarra.es/eu
- Mozioaren argitalpena (NPAO, 5. zk., 2026-01-23koa)