Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Martxoak 7

Nafarroako Gobernua premiatzen da Eliza Katolikoak immatrikulatutako ondasunen informazio-ohar soilak lor ditzan

Eskatzen zaio abiarazi beharreko egintza administratibo edo judizialak abiaraz ditzan ondasun horiek berreskuratzeko

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen, PSNren eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN eta PPNren aurkakoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Nafarroako Jabetza-erregistratzaileen Elkargoari eska diezazkion Eliza Katolikoak Hipoteka Legearen 206. artikuluaren babesean immatrikulatutako ondasunen informazio-ohar soilak, zein ere den hark erabilitako izena –”elizbarruti”, “apezpikutza”, “parrokia” edo gisakoak–: 1998a baino lehen egindakoak, Iruñeko 3. eta 8. jabetza-erregistroetan 1998tik 2008ra bitarte egindakoak eta Nafarroan 2008tik 2015era bitarte egindakoak”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Gobernua premiatzen du “iker dezan ea egindako immatrikulazioak herri-ondasunenak diren eta, hala baldin bada, abiarazi beharreko egintza administratibo edo judizialak abiaraz ditzan ondasun horiek berreskuratzeko. Hartara, giza baliabide aski jarri beharko dira eginkizun hori oso-osorik egiteko”.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN eta I-Ek sustatutako ebazpenak 2018ko apirilaren 19an parlamentuak onetsitako ebazpen bat aipatzen du, Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak eskatutakoa, eta orain gutxi entitate honek lan bilkura batean eskainitako datuak azaldu ostean, aipatzen da “2008 eta 2015 artean egindako inmatrikulazioei buruz ez daukatela informaziorik”.

 

“Eliza Katolikoak 1931tik 1998ra bitarte egindako 2.518 ondasunen immatrikulazioen zerrendari” dagokionez, apezpikuek emandako dokumentua “nahaspilatsua eta amaitu gabea” dela ohartarazten da, eta “ez dutenez immatrikulazioen bolumen osoaren errealitatea adierazten, ohar-soiletara jo beharra” azpimarratzen da.