Noiz argitaratua Asteazkena, 2022.eko Maiatzak 11

Nafarroako Gobernua premiatzen da endometriosia duten pertsonen arretarako protokolo bat eta Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan horretarako unitate bat sor ditzan

Gutxienez ugaltzeko adinean dauden emakumeen % 10ak pairatzen duen eta sendabiderik ez duen gaixotasun hau duten pazienteei laguntza-estaldura ematearen alde egin du Ganberak

Osasun Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez (Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak ez dute bilkuran parte hartu), zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “laguntzarako antolamendu-eredu bat osa dezan endometriosia izateko susmoa edo diagnosia duten emakumeentzat”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Gobernuari eskatzen dio “diziplina anitzeko endometriosi unitate bat ezartzea Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan”. Navarra Sumak abstentzioa bozkatu du atal honetan.

 

Era berean, hirugarren atalean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “Endometriosiaren detekzio goiztiarrerako protokolo bat ezar dezan Nafarroako Oinarrizko Osasun Laguntzan eta Oinarrizko Osasun Laguntzako osasun-langileen prestakuntza hobe dezan”.

 

Ildo horretan, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du “Nafarroan dauden gaixoen erregistro edo errolda erreal bat osa dezan”. Navarra Sumak abstentzioa bozkatu du atal honetan.

 

Bestalde, Foru Exekutiboari eskatzen zaio “endometriosiaren genetikari eta tratamenduari buruzko ikerketa susta dezan”.

 

Horrez gain, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “endometriosia dela-eta lanerako ezintasunak eta minusbaliotasun graduak zehazteko irizpideak alda ditzan”. Navarra Sumak abstentzioa bozkatu du atal honetan.

 

Azkenik, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du “gaixotasun honi buruzko difusio-kanpainak egin ditzan”.

 

Zioen azalpenean, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek sustatutako ebazpenak beharrezkotzat jotzen du Nafarroan laguntza-estaldura ematea endometriosia duten pazienteei. Sendabiderik ez duen gaixotasun hau, uste denez, gutxienez ugaltzeko adinean dauden emakumeen % 10ak pairatzen du.

 

Sintometan oinarritutako diagnosia zaila izaten da “beste prozesu batzuei gainjartzen zaizkielako, sintomak askotarikoak izan daitezkeelako edota emakumeek oro har normaltzat hartzen dutelako hilekoa mingarria izatea”, eta hori dela eta, gaixotasunaren diagnostikoa eta prebalentzia ezagutzea zaila da - sintomen hasieratik diagnosira arte 7 edo 8 urte pasa daitezkeela uste da-.

 

Endometriosia da umetokitik kanpoko eremuetan endometrioko ehuna modu onberan agertzea eta haztea. Gehienetan pelbisaren peritoneoan eta obarioetan aurkitzen da, baina baita gorputzaren beste toki batzuetan ere; esate baterako, hesteetan, gernu-maskurian, sabelean, biriketan eta abar. Ehun hori hilekoaren zikloko hormonen arabera garatzen da, eta umetokiko arauzko mukosak bezala, modu ziklikoan eboluzionatzen dute eta odoljarioak sortzen dituzte. Gaixotasun kronikoa da eta oraindik ez da aurkitu zergatik garatzen den, nolabaiteko aurrejoera genetikoa egiaztatu bada ere.

 

Nuria Medinak (PSN talde parlamentarioa) bilkuraren buru egin du, eta hauek bertaratu dira: Cristina Ibarrola, Raquel Garbayo, Marta Álvarez, Ángel Ansa, Alberto Bonilla, Elena Llorente (Navarra Suma talde parlamentarioa), Patricia Fanlo, Ainhoa Unzu (PSN talde parlamentarioa), Ana Ansa, Isabel Aranburu (Geroa Bai talde parlamentarioa), Txomin González eta Bakartxo Ruiz (EH Bildu talde parlamentarioa).

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (42. NPAO, 2022-04-01ekoa)