Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Urtarrilak 19

Nafarroako Gobernua premiatzen da energia berriztagarria sortzeko azpiegituren instalazioa bizkortu dezan

Ganberak beharrezko azpiegiturak ezartzearen alde egin du, energia-trantsizio “bidezkoa eta orekatua” sustatzeko

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren eta PSNren aldeko botoekin eta Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “inplikaturiko departamentuek posible eta beharrezko diren zuzemen guztiak egin ditzaten gure energia sorkuntzarako sistemaren ezinbesteko eta premiazko eraldaketa ahalbidetzeko beharrezkoak diren azpiegituren ezarpena arintzeko Nafarroan”.

 

Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak defendatzen du energia berriztagarrien parke indartsuen diseinua eta ezarpenaren beharra, bai eta autokontsumorako gertuko instalazio txikiena ere. Halaber, ezinbestekotzat jotzen du garraio elektrikorako azpiegitura nahikoak izatea, sarearen konexioa ziurtatuko dutenak eta ahalbidetuko dutenak bai soberakinak penintsulako beste lurralde batzuetara edo Europara esportatzea, bai elektrizitatea inportatzea eguzki-irradiazio edo potentzia eoliko baxuko uneetan, hau da, ekoizpena defizitarioa denean.

 

Ildo horretan, proposamena egin duenak duela gutxi onartutako 20/2022 Errege Lege-dekretua aipatzen du, energia-iturri berriztagarrietatik energia elektrikoa sortzeko instalazioen proiektuak izapidetzeko salbuespenezko aldi baterako prozedura bat ezartzen duena, trantsizio energetiko “bidezko eta orekatu” bat sustatzeko beharrezkoak diren azpiegiturak ezartzea eskatzeko.