Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Ekainak 13

Nafarroako Gobernua premiatzen da enplegua indartu dezan desgaitasuna duten pertsonei funtzio publikora sartzeko laguntza emanda

UPNren ekimenak lanerako eskubidea aldarrikatzen du, gizarte politikarik onena eta gizarteratzeko bide nagusietako bat delako desgaitasunen bat duten 35.000 nafar baino gehiagorentzat

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “enplegua indartu dezan funtzio publikora sartzeko laguntza emanda, desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikoa lortzeko arrakastako tresna baita”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Gobernuari eskatzen dio “laneko ikuskaritzak zaindu dezan desgaitasuna duten pertsonen kontratazioaren % 2ko kuota betetzen dela, 50 langile baino gehiagoko enpresa arruntek bete beharrekoa”.

 

Jatorrizko testuak beste hiru atal zeuzkan, baztertu egin direnak PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aurkako botoekin eta UPNren, PPNren eta Voxen aldekoekin, eta asmoa zen Gobernua premiatzea “inbertsiorako laguntzak areagotu ditzan enplegu-zentro berezietan, gutxienez ere bikoiztu ditzan, eta laguntzok eskuratzeko bidea malgutu dezan enpresei aukera gehiago emateko enplegua sortu nahiz mantentzeko”.

 

Era berean, Foru Exekutiboa premiatzen zen “Industria Departamentuaren inbertsiorako laguntzen deialdia alda dezan enplegu-zentro bereziek parte hartu ahal izateko”.

 

Azkenik, Gobernuari eskatzen zitzaion “kontu-hartzailetzari instrukzio bat eman diezaion kontratazio espedienteen aldeko fiskalizazioa egin ez dezan horiek xede dituztenean enpleguko zentro bereziek ematen dituzten zerbitzu, obra eta hornikuntzak, kontratu erreserbaren % 6 a betetzen ari ez denean”.

 

PSNk, Geroa Baik eta Contigo- Zurekinek ere zuzenketa bat aurkeztu dute baina UPNk ez du onartu. Eskatzen zuen “Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 36. artikuluko erreserbadun kontratuen plangintza inplementatzen jarraitzea”.

 

Zioen azalpenean, UPNk sustatutako mozioak lanerako eskubidea aldarrikatzen du, "gizarte-politikarik onena eta gizarteratzeko bide nagusietako bat baita Nafarroan desgaitasuna duten 35.000 pertsona baino gehiagorentzat – azken hamaika urteetako kopururik handiena –, non beharrezkoa den enplegua lortzeko mekanismoak hobetzea, bai eremu publikoan, bai pribatuan.

 

Horretarako, "kalitatezko" lanpostuak lortzeko, "berdintasuna eta diskriminaziorik eza" erabat errespetatuz, desgaitasunen bat duten pertsonak "integratzeko" deia egiten da. Erantzukizun hori, bereziki, Nafarroako Gobernuari dagokio, eta, beraz, baita administrazio publikoei ere, "ideia eta ikuspegi berritzaileetatik" abiatuta "ikaskuntza bateratua" ahalbidetzeko beharrezko baldintzak sortu behar baitira.