Noiz argitaratua Asteazkena, 2019.eko Otsailak 6

Nafarroako Gobernua premiatzen da Erabilera-lagapenaren Kooperatiba Seniorren (CSCU) jarraipenerako lan-talde misto bat era dezan

Araudi aldaketa bat eskatzen da Interes Sozialeko Entitate gisa aitortuak izan daitezen, adineko pertsonen zahartze aktiboan egiten duten ekarpenagatik

Eskubide Sozialetako Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “EKS-Erabilera-lagapenaren Kooperatiba Seniorren jarraipenerako lantalde misto bat era dezan, legeria indardunaren egokitzapenak koordinatuko dituena eta partaide gisa izanen dituena Foru Administrazioa, Nafarroako toki administrazioak eta gizarte-entitate interesdunak”.

 

Ebazpenak bigarren atalean Gobernuari eskatzen dio “arestian aipatutako lantaldearen konklusioak hartuta lehen txosten tekniko bat presta dezan gehienez ere bi hilabeteko epean, honako eduki bikoitz honekin: lehen parte batean EKS batek Nafarroako Administrazio Publikoaren berariazko errekonozimendua izateko bete beharreko baldintzak ezarriko dira; eta bigarrenean, berriz, berrikusi beharreko lege-alderdiak nahiz administrazio-funtzionamendukoak jasoko dira”.

 

Azkenik, Gobernua premiatzen da “gizarte-intereseko entitate gisa aitor ditzan horrelako kooperatibak (EKS), halako moduan non botere publikoek proiektu horien eratzea eta garatzea sustatuko baitituzte eta abal gisa balioko baitu haien ezarpenari laguntzeari begira”. Azken atal honen aurka bozkatu du UPNk eta PPN abstenitu egin da.

 

Zioen azalpenean, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik, PSNk eta I-Ek sustatutako ebazpenak Zahartze Aktibo eta Osasungarrirako 2017-2022 Estrategiari eusten dio, jakinarazteko EKS-Erabilera-lagapenaren Kooperatiba Seniorrak “bizitza-luzera era positiboan berrasmatzen lagundu nahi duten proiektu sozialak direla, administrazio publikoak eta gizarte zibilak azken helburu berarekin lankidetzan aritzearen bidez”. Puntu hau UPNren aurkako botoarekin eta PPNren abstenzioarekin onetsi da.

 

Elkarbizitza eredu berritzaile honek “medikuntza prebentibo” izaera duela azpimarratzen dute, “adineko pertsonen menpekotasuna atzeratuz”, eta hau aurrera eramateko “araudia aldatzeko esfortzu eta administrazioen arteko koordinazioa” eskatzen dute, “Erabilera-lagapenaren Kooperatiba Seniorrak Interes Sozialeko Entitate gisa aitortzeko, proiektu hauen sorrera eta garapena sustatu dadin”.

 

Aipatzen da 2018ko irailan Etxekide eta Etxekonak Bat elkarteekin egindako lan bilkuretan argi geratu zela adineko pertsonen ezaugarri kultural, sozial eta ekonomikoak “oso desberdinak direla duela 20 urtekoekin alderatuz”. Bi elkarte hauek “elkarbizitza eredu honen aitzindariak dira, Administrazioak gutxinaka bete beharko lituzkeen behar sozialei aurre egiten”.