Noiz argitaratua Osteguna, 2026.eko Apirilak 16

Nafarroako Gobernua premiatzen da erregai fosilei buruzko tratatu baterako ekimena babestu dezan

Osoko Bilkurak trantsizio energetiko bidezko eta ekitatibo baten alde egin du, larrialdi klimatikoaren atzean dauden berotegi-efektuko gasen emisioak arintzeko

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin, UPNren abstentzioarekin eta PPNren, talde Mistoaren eta atxiki gabeko parlamentariaren aurkako botoarekin, zeinaren bidez Ganberak berretsi egiten baitu “etengabe konprometiturik dagoela Parisko Akordio Klimatikoan jasotzen diren helburuekin eta Klima Aldaketari buruzko Adituen Gobernuarteko Taldeak berotegi-efektu gasak murrizteko ezartzen dituen helburuekin, eta Parisko Akordio Klimatikoaren arabera berotegi-efektuko gasen murrizketa proportzionala betetzeko konpromisoa hartzen du”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean adierazten duenez, Nafarroako Parlamentuak “formalki babesten du erregai fosilei buruzko tratatu baten aldeko deia –ez ugaritzea eta ezabatze progresiboa–.”

 

Ildo horretan, Nafarroako Gobernua premiatzen da “erregai fosilei buruzko tratatu baten ekimena babestu dezan”.

 

Gainera, Foru Exekutiboari eskatzen zaio “neurriak susta ditzan ekimen hori herritarren artean ezagutarazteko eta inplikatutako beste erakunde eta gizarte-eragileekiko lankidetza eta eztabaida sustatzeko”.

 

Bestalde, Espainiako Gobernua premiatzen da “erregai fosilei buruzko tratatu baten ekimena babestu dezan”.

 

Azkenik, Nafarroako Parlamentuak berresten du “langileentzako, erkidegoentzako eta erregai fosilen mende dauden ekonomientzako trantsizio energetiko bidezko eta ekitatibo baten alde dagoela, inor atzean utzi gabe”.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatu duen ebazpena bat dator Erregai Fosilei buruzko Itunaren helburuekin, izan ere, ekimen diplomatiko horren helburua da petrolioaren, gasaren eta ikatzaren hedapenari amaiera emango dion tresna juridiko lotesle bat sortzea eta trantsizio energetiko bidezkoa babestea, zientziak gomendatzen duenari jarraiki.

 

Ildo honetan, irizten da erregai fosilak direla "emergentzia klimatikoaren eragile nagusiak”, berotegi-efektuko gasen emisioen ia % 70 sortzen baitute, bai eta CO2 emisioen ia % 90 ere. Erregai fosilek, gainera, “garapen jasangarriko 17 helburuak betetzea eragozten dute”, inpaktu nabarmena baitaukate pertsonen osasunean eta naturan, eta horien erauzketa historikoki lotuta egon da gatazka armatuekin eta giza eskubideen urraketa larriekin.

 

Halere, ekimenaren sustatzaileak ohartarazten duenez, erregai fosilen eskariak gora egiten jarraitzen du mundu osoan, eta gobernuen aurreikuspenak betetzen badira, erregai fosilen erauzketa bikoiztu eginen da 2030a baino lehen. Halaber, erregai fosilen finantzaketak gora egiten jarraitzen du, baita subsidioek ere, 2030ean 8,2 bilioi dolarrera iritsiko direnak aurreikuspenen arabera.

 

Etorkizuneko negoziazioen zain, Erregai Fosilei buruzko tratatu baterako deiak 18 herrialderen, 140 hiri eta gobernu azpinazionalen, gutxienez gizarte zibileko 4.000 erakunderen, OMEren, Europako Parlamentuaren eta 3.000 zientzialari baino gehiagoren babesa duela azpimarratzen da.

 

Parisko Akordioari dagokionez, bestalde, adierazten da berotze globala 1,5 ° C-ra mugatzen saiatzearen alde egiten duela industriaurreko mailei dagokienez, eta honen arintze-betebeharren alderdi nagusia emisioak murriztearen garrantzia dela. Baina, aldi berean, ez die murrizketarik ezartzen ez petrolioaren, gasaren eta ikatzaren ekoizpenari ez erabilerari. Energia berriztagarrietarako bidezko trantsizioa negoziatzeko mekanismorik ere ez du jasotzen.

 

Azkenik, proposamena egin duenak adierazi du Klima Aldaketari buruzko Adituen Gobernuarteko Taldeak jada 2018an jakinarazi zuela mende honen erdialdean berotegi-efektuko gasen zero emisio garbien helburua lortu behar zela, berotze globala 1,5 gradu zentigradora mugatzeko arrazoizko aukera izateko.