Noiz argitaratua Osteguna, 2016.eko Otsailak 11

Nafarroako Gobernua premiatzen da eska dezan Espainiako trafikoko buruzagitza guztien arauak eta irizpideak bateratzea

Eta azter dezan zein egoeratan dagoen Nafarroarako aztertzaileen plantilla finkoa, bai eta ikastetxeetako bide-hezkuntzari buruzko eskolak ere

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak aho batez erabaki bat onetsi du gaur, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita "Estatuko Gobernuari eska diezaion Espainiako trafikoko buruzagitza guztien arauak eta irizpideak bateratzeko, Barne Ministerioaren bitartez".


Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan foru gobernuari eskatzen zaio "azter dezan zein egoeratan dagoen Nafarroarako aztertzaileen plantilla finkoa, bai eta ikastetxeetako bide-hezkuntzari buruzko eskolak ere".


UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN, PPN eta I-Ek bultzatutako erabakiaren zioen azalpenak aipatzen du 2007ra arte edozein gidabaimen lortzeko zirkulazio azterketa praktikoak astean behin egiten zirela, eta autoeskola bakoitzak jada egun bat finkatua zuela, eta gehienez ere irakasle bakoitzeko lau ikasle aurkeztu ahal zituztela. "Izangai bakoitzak aldez aurretik ezagutzen zuen zein egunetan egin behar zuen azterketa".


2007an, berriz, epai judizial batek Trafiko Zuzendaritza Nagusia behartu zuen kupoen sistema deuseztatzera, eta ezarri zuen zentro bakoitzak erabakitzen duen ikasle kopurua aurkeztu ahalko duela, mugarik gabe; horrenbestez, "jada ezin daiteke jakin azterketa noiz eginen den, eta hori Nafarroako autoeskola guztien izangaien kopuruaren araberakoa izanen da, bai eta eskura dauden aztertzaileen araberakoa ere".


2009an, Omnibus Legeak hartu zuen indarra, sektorean sartzeko baldintzak liberalizatzen dituena, eta low-cost erako autoeskolak sortzen hasi ziren. Prezioek behera egitea ekarri zuen horrek. Aldi berean, aztertzaileen plantilla gutxitu egin zen, % 50 jaitsi baitzen (hamarretik egun dauden bostera). "Azterketen atzerapenak metatzen hasi ziren orduan, eta izangaiek ez dakite azterketa noiz egin behar duten. Gainera, aztertzaileak hartzeko lanpostu hutsak betetzen ez direnez, aztertzaile ibiltariaren figura sortzen da (gaur egun, bederatzi daude Estatuan)".


Horren ondorioz, "Nafarroan, azken urteetan gidabaimena lortzeko azterketa gainditzen duten ikasleen kopuruak behera egin du: 2008an % 44,20 izatetik 2015ean % 38 izatera; autonomia erkidego mugakideetan, berriz, % 50aren inguruko edo hortik gorako portzentajean daude.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioa (44. NPAO, 2015-12-18koa)