Noiz argitaratua Ostirala, 2019.eko Otsailak 1

Nafarroako Gobernua premiatzen da eskola-garraioa berma dezan landa-eremuetatik irakaskuntza-zentroetara, gutxienez ikasleek 18 urte bete arte

Landa-eremuetako despopulazioari aurre egitea da helburua, oinarrizko zerbitzuak, kasu honetan hezkuntza zerbitzuak, erraztuz

Hezkuntza Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen, PSNren eta I-Eren aldeko botoekin eta UPNren abstentzioarekin (PPN ez da egon), zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “eskola garraioaren inguruko araudia alda dezan, eta horrela landa-eremuetatik irakaskuntza-zentroetara eskola-garraioa bermatuko da, gutxienez ikasleek 18 urte bete eta garraioan autonomoak izan daitezkeen arte”.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentariak sustatutako ebazpena “landa-eremuetako despopulazioaren aurka aritzeko” beharrean oinarritzen da, “bertako herritarrei oinarrizko zerbitzuak erraztu behar zaizkielako, hain zuzen ere, 16 urtetik aurrera ikasten segitzen duten gazteek ez baitute eskola-garraiorik eta horrek denbora eta dirua suposatzen die”.

 

Nuria Medina (PSN) batzordeburu izanik, bertaratu diren parlamentariak izan dira Alberto Catalán, Luis Zarraluqui, Ana San Martín, Oscar Arizcuren (UPN), Isabel Aranburu, Consuelo Satrustegi, Rafael Eraso (Geroa Bai), Miren Aranoa, Esther Korres (EH Bildu), Tere Sáez, Rubén Velasco (Podemos-Ahal Dugu), Carlos Gimeno  (PSN) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).