Nafarroako Gobernua premiatzen da Espainiako Gobernua presatu dezan foruzainek erretiroa hartzeko adina aurreratzeko egin beharreko administrazio-izapideak azkartzeko
Ganberak adostasunezko politika aldarrikatu du, eta Estatuko gainerako funtzionarioekin eta polizia-kidegoekin baldintzak parekatzeko eskatu du
Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren, PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin, zeinaren bidez Legebiltzarrak adierazten baitu “konpromiso irmoa duela foruzainek erretiroa hartzeko adina aurreratzeko eskubidearen defentsarekin, 2011ko azaroaren 18ko 1698 Errege Dekretuan ezartzen diren prozedura eta baldintzekin bat; horrenbestez, Nafarroako Gobernua premiatzen du Espainiako Gobernuaren aitzinean egin beharreko zuzemenak egin ditzan, zertarako eta hark egin beharreko administrazio-izapideak azkartu ditzan, foruzainek erretiroa hartzeko adinaren aurreratzea lehenbailehen gauzatzeko helburuarekin”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Espainiako Gobernua premiatzen du “araudian ezartzen diren administrazio-izapideak urgentziaz egin ditzan eta hartu beharreko erabakiak har ditzan, Nafarroako Foruzaingoaren kolektiboaren erretirorako adina aurreratzea gauzatzeko koefiziente murriztailearen sistemarekin bat, lanbide hori jarduera nekagarri, arriskugarri, osasungaitz edo toxikoen artean sartzen den aldetik, beste polizia-kidego batzuetako kideentzat ezarrita dagoen moduan”. EH Bilduk atal honen aurkako botoa eman du.
Azkenik, eta talde sustatzaileak gehitzeko in voce zuzenketa bat aurkeztuta gehitu den atalari dagokionez, Diputatuen Kongresuko talde parlamentarioak premiatzen dira “zuzenketa bat aurkez dezaten Pentsioen erosahalmena bermatzeko eta pentsio-sistema publikoaren iraunkortasun finantzario eta soziala sendotzeko bestelako neurri batzuk hartzeko lege proiektuaren izapide parlamentarioan, foruzainen erretiro-adina aurreratzea zertzeko, eta lege proiektu hori onesten ez bada, kasuko zuzenketa aurkez diezaioten Estatuaren Aurrekontu Orokorren Lege proiektuari, foruzainen erretiro-adina aurreratzeko eskubidea onar dadin”. Talde guztiek aldeko botoa eman dute, Izquierda-Ezkerrak izan zenik, zeinek uko egin baitio ebazpen honen bozketari.
EH Bilduk bigarren atala ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du, Navarra Suma ekimenaren titularrak onartu ez duena, eta proposatzen zen 2022rako Estatuko Aurrekontu Orokorren Lege proiektuaren testuan xedapen gehigarri bat txertatzea "Foruzaingoaren kideen erretiro-adina jaisteko koefizienteak" goiburupean Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina aldatuko duena. Helburua Foruzaingoko kideen erretiro-adinaren koefiziente murriztaile bat kontsignatzea zen (0,20 lan egindako urte bakoitzeko), eta “koefiziente horrek ez zuen inola ere aukerarik emango 60 urte baino gutxiagoko erretiro-pentsioa edo 59 urte baino gutxiagoko erretiro-pentsioa eskuratzeko, jarduerako eta benetako kotizazioko 35 urte edo gehiago egiaztatzen badira”.
Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak gai honen inguruan alderdi guztiek agertu duten aldeko jarrera aldarrikatzen du, “behin jarrera politikoak finkatu ondoren”, Foruzainek erretiroa hartzeko adinaren aurrerapena gauzatzeko, haren baldintzak beste funtzionario eta polizia-kidego batzuen baldintzekin parekatzeko, lanbide horren jardunari lotutako ezaugarrien eta eskakizun fisikoen arabera arautzen diren arau-aurreikuspenekin bat etorriz.
Ildo horretan, ohartarazten da higadura fisikoak eragozpen bat dakarrela polizia-jardueran, eta horrek herritarrei ematen zaien zerbitzuaren kalitatea jaistea ekar dezakeela, baita agenteen eta, ondorioz, herritarren segurtasuna eta osotasun fisikoa arriskuan jartzea ere.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (109. NPAO, 2021-09-24koa)